GARA
HONDARRIBIA

Jaizkibelek ez du etsiko Hondarribia berdintasunaren hiri bihurtu arte

Galtza eta alkandora txuriak plantxatu, danbor, txilibitu eta eskopetak prestatu eta egun handirako prestatzen dabiltza hondarribiarrak. Aurten betetzen dira hogei urte alarde parekidearen aldarriak kalera salto egin zuenetik, eta hemeretzi Jaizkibel konpainia jaio zenetik. «Mende laurdena bete ez duten hondarribiar gazteentzat Jaizkibel betidanik ezagutu duten konpainia da, beraiekin batera hazi dena, urtero emakumeon parte-hartzeak tradizioa errespetatzen duela frogatzen duen konpainia kementsua», baloratu dute bertako kideek.

Argitu dute ez dela “beste” alarde baten hazia, gainerako konpainiekin batera desfilatu nahi dutelako, troparen parte izan, hain zuzen, alardea «beste edozein herritarrek adina» estimatzen dutelako. Horregatik aldarrikatzen dute alarde publiko eta parekidea, «hondarribiar guztien ondarea izan dena berriz ere herriaren esku egon dadin, horixe baita ‘betiko alardea’, alarde publikoa, ez gutxi batzuk gobernatzen duten desfilea. Alardearekiko maitasunak batzen gaitu eta alarde publiko eta parekideak batuko gaitu», aldarrikatu dute.

Abotsanitz taldeak ere batasunaren ideia azpimarratu du: «Guztion artean berreskuratuko dugu ospakizun alaia».

Lakuaren baimenarekin

Hogei urteren buruan, Hondarribiko herritarren gehiengoak Jaizkibel Konpainia onartu dutela ikusten dute. Horregatik, ostegunean atxikimendua adierazi nahi dutenei espaloietan egoteko deia egin diete: «Egizue txalo espaloietatik, egizue irribarre. Espaloietan, ez gure atzetik. Konpainia bat gara eta ez zaituztegu atzetik behar, parean baizik, zuen begiek eta gureek bat egin dezaten».

Herritarren onarpena sentitzen dute, baina aurten ere Lakuako Gobernura jo behar izan dute entseatzeko baimen eske, Txomin Sagarzazu alkateak (EAJ) ukatu egin baitzien. «Argitu digu ukoaren arrazoia: ez dezala inork pentsa alkate jauna Jaizkibelen alde dagoenik».

Hilaren 8ko egun handian ere, etzi, Lakuaren baimenarekin desfilatuko dute, ez nahiko luketen bezala gainerako konpainiekin batera alarde bakarra osatuz, baina bai helburu duten berdintasunaren hiria hurbilago dagoen ziurtasunarekin. Bidelagunen artean dituzte, lehen entseguan, larunbatean, Hondarribia Berdintasun Hiria saria eman zieten iruindarrak: Udala, Nafarroako Gobernua, talde feministak eta peñak.