Lagunekin ahal bada
Surf egiteko urteko sasoi onena hasi berri da. Iraila eta abendua bitartean, egunak laburtzen doaz eta ura hozten, baina itsaski sendoak maizago sartzen dira eta lurralde goxoetatik datorren hego haize finak olatu bikainak hartzeko aukera eskaintzen digu. Ez da sasoi hotzena, uretan zein lehorrean giro epela nagusitzen da, beraz, zertarako joan olatu bila urruneko lurraldeetara gurean baino baldintza hobeak beste inon topatzen zailago denean. Zerbaitegatik etortzen dira mundu guztiko surflariak Euskal Herrira udazkenean
Bada etxetik gertu surf egiteko beste arrazoi bat, olatuak askoz ere hobeak dira lagun artean. Sarri gertatu izan zait sekulako olatuak hartzen egon, baina behar bezala ez gozatu izana. Ametsetako olatuak topatu eta bakarrik itsasoratzeak badu bere xarma, baina halakoetan hutsune bat gailentzen da, lagunak etortzen zaizkit gogora, halakok edo bestelakok «nola gozatuko lukeen hemen balego».
Horregatik, batzuetan nahiago izaten dut olatu txarragoak hartu, baina lagunekin egon. Ez dago esperientzia lagun artean partekatzea baino gauza hoberik. Lagun arteko saioa lehorrean hasi eta lehorrean amaitzen da. Alegia, ur jantziak janzten ari garen unean elkarri egiten dizkiogun txantxekin hasi eta ur jantzia kendu ostean, batzuetan garagardo artean, egiten ditugun “jokaldien kontakizunekin” amaitzen da. Bakarkako kiroletan ere oso garrantzitsua baita osagai soziala, gizakiak berezko duen beharretako bat delako.
Surflariok kexu gara urautsietan izaten diren jende pilaketekin, baina olatuak daudenean arazoa ez da jendea izaten, guztientzat nahi hainbat olatu baitago; arazoa itsasoratzeko moduan dago, urautsian gainontzeko surflariekiko izan behar den begirunea ulertzeko moduan, surfa ulertzeko modu berekoi horretan alegia. Olatuak kontsumitzeko gose aseezin horrek ere badu bere alde ona ordea, guztiak urautsi berean pilatzen dira; izan ere, inork ikusi ez bazaitu, ez zara unerik egokienean uretan egon, ez zara masekin kontsumitzen ari, eta, beraz, ez zaude, ez zara.
Gauzak honela urautsi ederrenetan sekulako jende pila bil daiteke, baina inguruko urautsietan, olatuak hain onak ez izanagatik ere saio goxo bat izateko aukera zabala dago, esan bezala, saioa lagunekin partekatzeko aukera baldin badago behintzat. Horra beraz datorren udazkenerako eman nahi ditudan bi gomendioak; urrun joan gabe, etxetik gertu itsasoratu, eta, lagun artean, ahal bada.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
