Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
PATXO TELLERIA
ZINEMAGILEA

«Ez da harritzekoa bilauak bankariak izatea; orain ez dago nobleziarik»

Durangoko Azokarekin bat eginez, abenduaren hasieran ekingo dio «Igelak» filmak bere ibilbide komertzialari. Publikoari tenperatura hartzeko baliatuko du Patxo Telleriak Zinemaldia. Filma gaurko lau saioetan eta biharko azken pasean ikusi ahal izango da Donostian.

Gatibuk egin du “Igelak” filmeko kanta nagusia, baina Gernikako taldeko kideak ez dira inolaz ere Patxo Telleriak zuzendutako lanean agertzen diren euskal musikari bakarrak, musikak protagonismo handia baitu filmean. Krisi garaian iruzur baten ondorioz ihesi dabilen bankero bat dugu protagonista, sistematik kanpo bizitzen saiatzen diren «igelekin» topo egiten duena.

Egoera dramatiko batetik umorea egiteko gaitasuna duzu.

Atzean zerbait duen komedia bat egiteko interesgarria da egoera gordinetan oinarritzea. Bizitza bera barrez eta negarrez osatzen da. Dena dibertigarria den, dena zuria den, ezer gertatzen ez den komedia horietako bat ez zait interesatzen.

Pertsonen izaerari buruz aritzen zara filmean.

Nik istorio bat planteatzen dudanean nire buruari galdera bat egiten diot: zer kontatu nahi dut? Kasu honetan, pertsonak jaiotzatik kabroiak garen edo egoerak moldatzen gaituen aztertu nahi dut. Istorioak igela eta eskorpioiaren fabularekin paralelismoa du. Eskorpioiak ibaia zeharkatzen laguntzeko proposatzen dio igelari, berak ez dakielako igeri egiten, eta, ibaiaren erdian daudenean, ziztatu egiten du. Igelak galdetzen dio ea zergatik egin duen hori, eta eskorpioiak bere naturan dagoela erantzuten dio. Azkenean biak hondoratzen dira. Orduan, nire galdera da ea gizakiok naturan dugun zital edo zintzo izatea edo egoeren aurrean aldatzen garen. Krisi garaiko egoera bat horregatik planteatu nuen.

Krisia da gaia, baina ez egungoa. Etorkizun hurbil distopiko bat aurkezten diguzu.

Asmatu duzu. Hemendik gutxira kokatzen da istorioa. Arropa antzerakoa da, ez dago zientzia fikziorik, baina egoera ez da egungoa. Gaurko egoeran oinarrituta dago, baina muturrera eramanda. Klase ertaina desagertuko da, aberatsak aberatsago izango dira, eta, pobreak, pobreago. Jendea kalean dabil bizimodua ateratzen eta badaude pedigria duten pobreak eta pobre berriak, zabor bila lanerako txaketa eta gorbata soinean jarrita dabiltzanak oraindik.

Azkenaldian bankari bilau ugari ikusten ari gara zineman.

Ez da harritzekoa. Garai batean, Erdi Aroan, bilauak kondeak ziren. Egun ez dago noblezia hori. Ez dut neurtu zenbat bilau bankero dauden pelikuletan, egia esan. Lanpostu esanguratsua da!

Aktore pila bat agertzen dira pelikulan. Zaila izan al da dena orkestratzea?

Euskarazko pelikula bat egiten duzunean aukerak murriztu egiten dira. Beharbada duela hogei urte film hau egitea ezinezkoa litzateke, beharrezko aktore guztiak lortzea oso zaila izango litzatekeelako. Baina orain badugu aukera hori eta horrek erakusten du aktore euskaldun kopurua gero eta handiagoa dela. Gustu handiz hartuko nituzkeen aktore pila bat gelditu dira kanpoan. Badaude asko maite ditudan aktoreak pelikula honetan parte hartu ez dutenak lekurik ez zegoelako, baina, zorionez, aukera oso handia da. Gure industria txikia ere aurrera doa.

Bigarren mailako pertsonaiak ere oso garrantzitsuak dira.

Zuzendaria izateaz aparte, gidoigilea ere banaiz. Berehala ikasten duzu pertsonaia bat ezin dela film batean beste aktore bati bidea emateko soilik agertu. Bakoitzak eragin bat izan behar du istorioan. Bestela kaltegarria da. Aktoreak jakin behar du zein den bere papera, zer-nolako eragina duen pelikulan.

Kameoak ere badira tartean, Oskorriko Natxo de Feliperena kasu.

Kameo itxura hartzen du a capella abesten duelako, baina beste musikari asko ere agertzen dira: Gose taldea, Xabi Solano, Doctor Deseoko Francis, Ainhoa Arteta... Ez dira berez kameoak, baina beno, krisi garaian gaude eta artistek ere krisia sufritzen dute eta kalean daude. Kultura da krisi garaian gehien sufritzen duena. Uste da kapritxo bat dela eta horregatik ezabatzen den lehen gauza da.

Gorka Otxoa «Bypass» filmeko protagonista izan zen. Zergatik aukeratu duzu berriro?

Ez errepikatzeagatik! Pelikula honetan egiten duen rolak ez du zerikusirik aurrekoan egiten zuenarekin. Bertan ogi puska bat zen, dena borondate onez egiten zuen. Kasu honetan, aldiz, muturreko pertsonaia da: zitala, azeria, oso zuhurra, faltsua.

Euskararen aldeko apustua egin duzu. Filmak ez al luke zabalkunde gehiago izango gazteleraz?

Seguru. Nik ez dut nire burua euskararen aldeko militantetzat, nire lana antzerkia eta zinema egitea da, eta, nire munduan bizi naiz. Bada, mundu horretan sortzen zaizkidan aukerak euskaraz dira. Pelikula hau gazteleraz egin zitekeen, baina euskaraz ere bai. Baditut gordeta erabili gabeko egitasmoak, euskaraz egiterik izango ez ditudanak, aurrera ateratzekotan gazteleraz egingo nituzkeenak, baina kasu honetan ez.

Zer moduzko harrera espero duzu?

Horretarako etorri gara Zinemaldira, ikusteko jendeak zer-nolako jarrera duen. Imajina dezaket Euskal Herrian jendeak gustuz ikusiko duela, baina ez dakit zein neurritan. Hemendik kanpo ezin dut ezta imajinatu ere! Uste dut produktu exotiko gisa hartuko dutela. Nahiz eta filma bikoiztu, kantak bere horretan geratuko dira, euskaraz. Madrilen, adibidez, norbaitek ikus dezake pelikula bat japonieraz azpitituluekin, baina euskaraz arraroagoa egiten zait, nahiz eta gertuago egon. Nolabaiteko aurreiritziak daude.

Aitor Mazo lagun handia zenuen eta elkarrekin lan asko egin zenituzten. Film honetan ere parte hartu behar al zuen?

Ideia hau nik garatu nahi nuen eta Aitorrek bazituen bere ideiak. Habiatik aterata norberak bere lanak egiten hasteko gogoa genuen. Dena den, noski, Aitorrek bazuen paper bat pelikula honetan ere.