Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Testuinguruaren inguruaz

Hiztegitik haratago, hitzek ezer gutxi adierazten dute esaldiaren nondik norakotik kanpo. Esaldiak berak ere nekez ulertzen dira paragrafoaren testuingurua kontuan hartu barik. Total, testuingurua! Testuaren barrukoa ingurukoak laguntzen du ulertzen. Hortaz, diskurtsoaren narratiba funtsezkoa da.

Horra, kasuko, «lurra begi bistan!» entzutean Amerikako inbasioaren lehenengo orduak datozkigu burura; teknologia handiko errege-patera handi batzuk ordura arte lasai bizi zen hondartza batera, gurutzea eskuan, ailegatzen ari zireneko oihu ezaguna. Amen. Portzierto, haxe izan zen kutsatutako lehenengo hareatza. Ez da harritzekoa harrezkero bandera gorria izatea han. Bada ez, «lurra begi bistan!» Gipuzkoan esana da, tunel batzuetatik atera eta fakturatu ondoren desagertu zen lurra urte batzuk pasatuta ageri delako; testuan ageri sikiera, oraindik inguruan ikusi ez bada ere. Hemengo magoek lurra ateratzen dute kapelatik, ale hop!

Edo «gora teknologia!» entzutean, kasuko, teknologia eta lege zaharrak esan nahian. Ez dakizu ea errauste planta batez ari diren, ustezko kakatik balizko urrea xurgatzen duen plantaz, ala eskua erre egiten duten mugikor modernoen bateriaz. Gero errauste plantara doana; bateria, jakina, ez eskua. Edo «kobazuloan aurkitu dugu!» aditzean, dudatan geratzen zara; zertaz ari dira, Bizkaian topatu dituzten labar-pinturez ala Nafarroan aurkitu dituzten familia-gorpuzkiez?

Portzierto ere, pentsatzea Gasteizeko katedrala hurrengo glaziazioaren ondorengoentzat labar-artea izango dela! Rupestre! Tira, harira, «bada garaia!» aditzean, CUPek erabakiak hartzeko behar duen denboraz ari dira ala beheko Estatukoek gobernua osatzeko? Ez, ez da erraza; inguruak gorpuzten du testua.

Eta galdera okerretik ezin erantzun ona espero.