Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hariari utzi, brodatzeari eutsi

Ari naizela, ari naizela hor ikusten dut…» bertso ezagunaren letrak bestelakoak dira gaur beheko Estatuaren Ganbera hartan: hari naizela, hari naizela… Harian ari, izan ere, handia baita hango batzuek josteko duten beharra.

Ez dakit nik munduan hainbeste hari ekoizteko gaitasuna ote den, sozialisten larruan irekitako josturak ixteko behar beste; izatekotan, Asiako hego-ekialdean izango da, umeak lan-esku. Telefonoei kendutako hari guztiak eta gehiago beharko dute. Amen.

Dena dela, horien larruan ireki diren josturak, Estatu bakartzat hartzen duten zezen-larruan zabaldutako berak dira. Ipar periferiatik zezenari adarretik ez baizik eta larrutik zuzen eutsi eta tarrat eginda askatzen hasitakoak. Josturak funtsezkoak baitira edozein soinekotan, hezurrak eta mamiak arnasbidea izango badute behintzat. Azken finean, soinekoa gorputzarekin bat datorkigun ala ez gure gorputzak esan behar du, ez hango jostunak. Hemen jostun ibili ginen iaz, baina gure gorputza geure esku dagoelakoan. Tarrat egin edo klik, ikimilikiliklik!

Tira, harira! Hantxe dira egunotan, konklabean bilduta. Aulki batzuetako jaun-andreok esku batean jostorratza, jostaria bestean, josketa-lanetan. Hori bai, joskera desberdinez; tronu dematan edo. Arazoa, dena dela, ez da orratza, ez haria, iparrorratza behingoz aurkitu eta norabide horretan ari izatea baino. Iparra ez baita helburu geografikoa, helbide ideologikoa baizik. Errotondek ez dute norabiderik. Bitartean Cirque du Psoeil, karpa handiaren azpian.

Eta guk hemen, tarratean, gure gorputzaren larruan jostura egokiak zabaltzen, haizeari sarbide berriak emanez. Lanean ari. Azken finean, haria mugitzeari utzi eta brodatzeari eutsi! Brodatzen hasita probatzen baita nolakoa den haria.