Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Limusina batean harrapatuta geratu den glamourraren ikurra

Hollywoodek irudikatzen duen luxu eta glamourrari kritika egiten dio Haritz Zubillagaren «El ataud de cristal» filmak. Osorik limusina batean filmatutako pelikula gaur estreinatuko da Euskal Herrian, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan.

Sariketa garrantzitsu batera daraman limusinatik irten ezinda, harrapatuta ikusiko du bere burua Amandak (Paola Bontempi). Aktore garrantzitsua da Amanda, Hollywoodeko glamour eta itxurakeriazko mundua irudikatzen duena, eta bizimodu horren ispilu den luxuzko limusinatik bizirik irten nahi badu, esaten dioten guztiari men egin beharko dio.

Trama horretatik abiatu du Haritz Zubillaga zuzendari bilbotarrak “El ataud de cristal” filma, Sitgesen estreinatu ostean gaur lehendabiziko aldiz Euskal Herrian ikusi ahalko dena. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan emango dute, 19.30ean, Victoria Eugenia antzokian.

Zubillagak «eskuragaitz zaizkigun erronkez jositako munduak atzean duen begirada iluna» irudikatu nahi izan du bere lehen lan luzean –aurretiaz film laburrak landu ditu, “She’s Lost Control” edota “The Devil in your back” gisako lan txalotuekin– eta 400.000 euroko «aurrekontu murritzari» aurre egiteko filma osorik limusinaren barruan filmatu dute. «Filmaketak izan zituen bere zailtasunak, espaziora egokitzea, travellingak espazio murritz horretan egitea... baina are zailagoa da egun esku artean dugun fasea: banatzailea bilatzea», ziurtatu du. Filma Sitgesen «eta harrera onarekin» estreinatu ostean, «zenbait elkarrizketa» hasi dituztela aurreratu du zuzendari bilbotarrak, baita Beldurrezko Astean egotea «onuragarria» izan daitekeela ere: «Egun ez da batere erraza film bat merkaturatzea eta zenbaitetan zinema jaialdien zirkuitu horretan geratzen gara harrapatuta. Sitgesek eragina eduki duen bezala, Donostiak ere bozgorailu lana beteko duela uste dugu».

“El ataud de cristal”-entzat banatzaile bila eta filmarekin «ahal dugun jaialdietan» dabilen artean, buruan pelikula berri baterako ideiak badituela ziurtatu du Zubillagak, zehaztasunik eman ez badu ere. «Film hau egiten lau urte eman ditugu, eta nik argi dut nire bizitza zinemari eman nahi diodala, lau film baino gehiago zuzendu nahi ditudala. Beraz, bat bukatu orduko dut berriarentzat ideiaren bat», ziurtatu du.