GARA
BILBO

«Lurrak» zirku ikuskizuna eta musika emanaldi ugari, Udagoieneko Osteran

«Labetik atera berriak diren lanez gozatzeko aukera» eskainiko du beste behin Udagoieneko Osterak. Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen duten kultur zirkuituak Arrigorriaga, Markina-Xemein, Zalla eta Bilboko bi areto (BBK eta Kafe Antzokia) bisitatuko ditu aurtengoan eta musika izango du protagonista, Ken7, Anje Duhalde, Niko Etxart, Korrontzi, Willis Drummond eta Inoren Ero Ni-ren parte-hartzearekin. Aurten, zirku garaikideak ere izango du lekurik, “Lurrak” ikuskizunaren bidez.

Zirkuitua larunbat honetan abiatuko da, bi proposamenekin. Markina-Xemeingo frontoian “Lurrak” ikusi ahalko da, akrobaziak, musika eta antzerkia uztartzen dituen zirku garaikide ikuskizuna (20.00etan, 8 euro). Arrigorriagako Lonbo aretoak, aldiz, Korrontzi Dantzan egitasmoa hartuko du (20.00etan, 8 euro). Datorren hasteari begira, ostiralean, hilak 11, Zallako Zine Antzonian Ken7k “Phoenicoperus” lan berria aurkeztuko du (20.00etan, 15 euro).

Abendua Anje Duhaldek eta Niko Etxartek irekiko dute: hilaren 2an, Bilboko BBKn izango dira azken lanekin (20.00etan, 12 euro). Abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian Willis Drummond taldeko kideekin solasean aritzeko aukera izango da (11.00etan, doan) eta hilaren 22an, zirkuitua talde lapurtarrak eta Inoren Ero Ni-k itxiko dute (21.30ean, 10 euro), euren azken lanen aurkezpenarekin.