GARA
HABANA

Sarrionandiak zuzenduko du Etxepare Institutuak Habanan irekiko duen irakurletza

Hil honen 22an zabalduko da Euskara eta Euskal Kultura irakurletza eta Iurretako idazleak zehaztuko du programa akademikoa, baita irakatsi ere.

Joseba Sarrionandiak zuzenduko du Etxepare Institutuak, Habanako Unibertsitatearekin lankidetzan, Kubako hiriburuan zabalduko duen Euskara eta Euskal Kultura irakurletza.

Azaroaren 22an jarriko da martxan egitasmoa. 1985ean espetxetik ihes egin zuenetik erbestean bizi den Iurretako idazlea izango da programa akademikoaren edukia zehaztu eta irakatsiko duena. Bera izango da gainerako ekintzen arduraduna ere.

“Euskara hizkuntzaren historia” izeneko ikastaroak emango dio hasiera irakurletzari. Euskara hizkuntzaren historia lexiko-gramatikala eta soziala izango ditu aztergai, Neolitotik hasi eta gaur egunera arte.

Hitzarmena

2015ean sinatu zuten lankidetza hitzarmena Etxepare Euskal Institutuak eta Habanako Unibertsitateak.

Programa akademikoaren hasiera honetan beste hainbat ekintza dituzte aurreikusita: abenduaren 5ean Asier Altunak “Amama” aurkeztuko du Unibertsitatean eta filmaren emanaldiaren ostean euskal baserri tradizionalaren bilakaera izango du hizpide bertara inguratzen direnekin.

Abenduaren 15ean, berriz, EHUko irakasle Mari Jose Olaziregi, azaroa arte Etxepare Institutuko euskara sustatu eta hedatzeko sailaren zuzendaria izan dena, euskal literaturaz ariko da “Un viaje por la cultura y la literatura vasca” hitzaldian.

Mintzaldiak

Udazkenerako hainbat mintzaldi iragarri dituzte, hala nola, Blas de Oterok Habanan eman zituen lau urteak ardatz izango dituena, edota Jose Antonio Agirre eta euskal exilioa Kuban aztergai izango dituena.

«Unibertsitateko eskolez gain, irakurletza honen sorrerak Kubako euskal komunitateari eta euskal kulturaz ikertu eta ikasi nahi duen nornahiri hainbat baliabide berri eskainiko dizkie», adierazi dute ohar bidez Etxepare Institututik.

Abian jarriko diren proiektuen artean Euskal Biblioteka nabarmentzekoa da. Habanako euskal komunitateak bildutako 2.000 liburuko fondoarekin hasiko da eta unibertsitatean kokatuko da.

Euskal zineforum bat antolatzea ere proposatu dute, unibertsitateko zinetokian. Aldizkari berri bat ere badarabilte buruan, «euskal kultura eta Euskal Herriaren eta Kubaren arteko harreman kulturalak aztertuko dituena. Edizio lana ere ez dute baztertuko, esku artean euskal liburu sail bat sortzeko egitasmoa ere baitaukate», azaldu dute.

Irakurletza berriak egoitza finkoa eskainiko du euskal kulturaren inguruko jarduera akademiko eta kulturalak antolatu ahal izateko, ikusgarritasuna ere bermatuz. Hala baieztatu du Etxepare Institutuak. «Besteak beste, Kubako euskal elkarteekin eta 1877an sortu zen Asociacion Vasconavarra de Beneficiencia erakundearekin elkarlana sustatuko du», iragarri du.