Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hauts hartatikan uste gabean…

Vatikanoko Hiritik dator notizia… Domu Santu egunaren bueltan etorri ere. Doktrina berria, edo berritua. Zeinek daki! Jainkoak berak baleki! Total, lurreko mundu honetan kristau fededuna hil ondoren inguruko kristauek zenduaren gorpua erraustea ez du batere ondo ikusten Elizak; eta ez da ikusmen kontua, sinesmen kontua baino. Halere, inondik onartzen ez duena da elizkidea erraustekotan ere errautsak fede-lekuetatik kanpo uztea, are gutxiago botatzea! Ezetz demonio! zelan izan liteke fededun baten hautsak errekara, itsasora edo mendira begirunerik gabe botatzea? Eta haizea badabil? Batek daki zer bakterio mota ibili den hor zehar, bedeinkatu gabea, larrugorrian eta tropelean nahasian gainera! Ezetz, erraustekotan, hautsak Elizaren hautsontzietara!

Baina hori baino askoz hobeto, beti ere, gorpua bere horretan utzi, osorik, bedeinkatutako hilkutxan, gurutzearen babespean eta lore-sortaz jositako horma-hobian.

Eta hilkutxa lurperatzekotan, kontuz! Lurra galbahetik pasarazi, bakterio halakoek hildakoa hauts bihur ez dezaten. Eta hortxe ari da Eliza, atez ate, zenduak erraustegian ez amaitzeko, eta kanposantuko hil-ontzian uzteko, paradisuan birgaitzeko.

Elizaren arabera zenduak bizitzen segitzen baitu, tristeago bada ere, paradisurako bidean bidaiari bizi, eta bide horretan osorik behar du, gorpu, ez hauts. Nonbait Elizak osorik behar du tropa, mundu honetan eta bestean ere, osorik. Eta ez hauts eginda.

Ahaztua du poetak esana: Hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait giñaden gu ernai…. Nik ez dakit kristaua naizen ala ez, baina, badaezpada, ez dadila Kristo zain egon. Bizitza hauts eginda utziko dut, lurrez, itsasoz eta airez utzi ere. Ez bidaiari, utzi eta puntu.

Bakterioen jaki, bestelako asmorik gabe.