Newdelhiarrak etxetik irten ezinda, kutsaduraren eraginez
New Delhi Indiako hiriburuko aireak astebete darama sekulako kutsadurarekin eta atzo munduko hiririk kutsatueneko agintariek herritarrei eskatu zieten etxetik ez irteteko, ezinbesteak kontrakoa agintzen ezean behintzat. Makina bat jarduera debekatu dituzte, egoera bere onera ekartzeko.

«Larrialdi» neurrien artean ageri da datozen bost egunetan eraikuntza eta eraiste jarduera guztiak debekatuta edukitzea. Gainera, ikastetxe guztiak itxita edukiko dituzte asteazkena bitartean. «Herritarrei gomendatzen zaie aterpean geratzeko eta ez mugitzeko oso beharrezkoa ez bada», adierazi zuen Arvind Kejriwal New Delhiko Gobernuko buruak ministroekin egoeraren larritasuna aztertzeko aparteko bilera bat egin ondoren.
Punjab eta Haryana estatuetako nekazariek beren hondakinei su emateko duten ohiturari leporatzen dio Kejriwalek arazoaren sorburua. Edonola ere, joan den astean ospatu zen Diwala hinduen jaia zela-eta erre ziren milioika petardo eta su artifizialek ere asko egin zuten hiriburuan orain arnasa hartu ezinik egon behar izateko.
«Gas-ganberako» suteak
«Gas-ganbera» erraldoi bihurtutako hiriko agintariak eskatu die auzoetako arduradunei egunotan zabortegietako suteak itzaltzen saiatzeko, bestelako neurriak aztertzen dituzten bitartean, esaterako, euri artifiziala eragitekoa. Gainera, urte hasieran abian jarritako beste neurri bat ere berreskuratzeko asmoa dute: autoen zirkulazioa murrizteko, matrikularen zenbakia bikoitia dutenek egun batean izango dute kalean ibiltzeko aukera; eta hurrengoan, zenbaki bakoitikoek.
Kutsadura neurtzeko airean dauden partikulen kontzentrazioari erreparatzen diote adituek. Hiriburuaren mendebaldean dagoen Punjabi Baghen PM10 partikulen (10 mikrometrora edo mikrara iristen ez direnak, mikra bat metro baten milioiren bat izanik) kontzentrazioa atzo eguerdian 1.394 unitatera iristen zen, eta PM2,5 partikulena (2,5 mikrara iristen ez direnak; biriketan sakonki barneratzen dira) 792ra, hau da, osasuntsutzat jotzen diren kontzentrazioak baino %1.160 eta %1.210 handiagoak, hurrenez hurren. Kutsadura Zaintzeko Kontseilu Zentralak eman dituen datuen arabera, PM2,5 partikulen kontzentrazioa 786koa izan zen azken 24 orduetan, hau da, OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duena (25 partikula) baino askoz ere gehiago. Aipatu kontseiluaren arabera, 300dik gorako kontzentrazioa «toxikoa» da.
Zientzialariek zenbakiekin margotutako egoera begi bistakoa da kalean bertan. Oso laino itxia dute egunotan eta ikuspen horizontala kilometro batera ez da iristen (nazioarteko aireportua dagoen eremuan, 600 metrora), Rajendra Vishen Eskualdeko Zentro Meteorologikoko zuzendariak jakinarazi duenez. Berak egin dituen kalkuluak betez gero, hemendik lau egunetara hasiko da egoera bere onera etortzen.
Maskara jarrita
Hedabideek esan dute azken hogei urteotan ez dela izan horrenbesteko kutsadurarik eta J. Nanu herritarrak adierazi du azken 40 urteotan ez duela tankerako egoerarik ikusi. Beste askok bezala, maskara batez estaltzen du ahoa egunotan, arnasa azaroak larriagotu egin zaizkiola-eta. OMEk aspaldi erabaki zuen New Delhi dela munduko hiribururik kutsatuena. «Sekulako kutsadura dago eta hori ez da ona gure 4 urteko semearentzat, azken astean eztula besterik ez du-eta egiten», esan dio Eferi Vikas Kumarrek. Ondoan du Sushma emaztea, bera ere maskara jarrita.
Ehunka lagunek protestaldia egin zuten atzo erdialdean, airearen kutsaduraren aurkako neurriak exijitzeko. «Nekazarien kearen eraginez guztiok erortzen ari gara», irakur zitekeen pankarta batean.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
