GARA
URRUÑA

Euskarazko zinemako azken lanak aurkeztuko ditu Zineginek laugarrenez

Igandera bitarte Zinegin festibalaren edizio berri bat iraganen da Hazparnen. Hastapenetik duen xedea bizirik atxikitzen du laugarren edizio honetan ere: «Euskarazko filmen hedatzea eta euskal kulturak bizitzeko behar duen hatsgune baten proposatzea». Eihartzea Kultur Etxeak eta Ttattola gaztetxeak elkarrekin sortutako programa aberatsa da.

Ipar Euskal Herrian ikustea beti erraz ez diren euskarazko film berriak deskubritzeko parada ematen du jaialdiak. Aurten ere horrela izanen da, eta Haritz barne zinegelan aniztasuna izanen da nagusi: “Olentzero eta Amilaren sekretua”, “Bypass”, “Amerikanuak”, “Ihesa & hileta”, “Mara mara”, “Irrintziaren oihartzunak”, “Argi”, “Bide berriak”, “Jotamentala” eta “Gaur irekiko ditu ateak”.

Ikus-entzunezko obrak erakusteaz gain, beste proposamen batzuk ere egiten ditu Zineginek. Horretarako zinemagelatik atera, eta herriko beste gune esanguratsuetan hedatuko da, Hazparneko bizitza kulturala hedatzeko. Aipatzekoa da Patxo Telleriak bihar goizean Eihartzea Kulturgunean gidoigintzari buruz emango duen master class-a.

Zinema lehiaketa

KlipKlap film laburren lehiaketaren bigarren edizioko sarituen izenak emanen dituzte gaur ezagutzera, Ttattola gaztetxean antolatu duten hitzorduan.

Bigarren gaualdi bat ere izanen da bihar. Audience taldeak “Jai Alai Blues” dokumentalarentzako sortu soinu-banda joko du zuzenean, musikak zinemagintza eta dokumentalgintzan duen garrantzia nabarmenduz.