Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Garde: «Geure burua neurriz kanpo ez manipulatzeko balio digu memoriak»

San Telmo museoko elizaren aterpean jaso zituzten atzo literaturako Euskadi sariak Luis Garde, Gabriela Ybarra, Uxue Alberdi, Xabier Olarra, Mikel Casal, Mitxelko Uranga eta Fernando Mikelarenak. Memoriaren lorratza presente da saritu dituzten lanetariko askotan, eta sari emate ekitaldian ere memoriaren berreskurapena izan zen aldarri.

San Telmo museoak barnean hartzen duen eliza izan zen atzo Euskadi Literatura Sarien emate ekitaldiaren testigu. Lekua horretarako egokia izanik, elizako akustikari etekina ateraz ekin zioten ekialdiari: Andoni Egañaren ahotsak eta Peio Ramirezen txeloak bete zuten espazioa, bide batez literatura goratzearen aldeko aldarrikapena eginez. «Oso gutxitan jartzen baitzaio literaturari fokoa/ iruditzen zait egun handia izango dela gaurkoa», amaitu zuen Egañak eta, haren ostean, Cristina Uriarte Kultura sailburuak ere aldarri berari eutsi zion, «herri batek bere buruaren gaineko kontakizuna beharrezkoa baitu aurrera egingo badu».

Sari «potoloa», euskarazko literaturari dagokiona, Luis Gardek jaso zuen “Ehiztariaren isilaldia” lanean Ezkabako presoen gaineko kronika historikoa fikzioarekin nahasi eta hainbat gai, kokapen eta gertaera harilkatuz irakurlea memoriaren eratze eta eraistearen gaineko hausnarketara bideratzeagatik. Hitza hartuta, Gardek memoria berreskuratu beharraren gaineko disertazio poetikoa eskaini zuen eta memoria «geure burua neurriz kanpo ez manipulatzeko» baliagarria dela argudiatzeaz batera, zeregin horretan idazle-ikertzaileek duten paperaz aritu zen: «Memoriak hitza bilatzen du, eta idazlea hitzen ehiztaria da».

Oroimenaren berreskurapenaren haritik, baina beste bide batzuk jorratuta, eskuratu du Gabriela Ybarrak gaztelaniazko literatura saria, “El comensal” obragatik. «Oso gai pertsonal eta sentikorrak tratatzen ditut eta nire sendiaren sufrimenduari aitortza gisa eta Euskal Herrira itzultzeko gonbidapen gisa hartzen dut sari hau», esan zuen. Bere lanean, aitona zuen Javier Ybarra Francoren ministro izandakoaren bahiketa eta heriotza bere amarenarekin uztartzen ditu egileak.

Eta memoria da, baita ere, gaztelaniazko saiakerako saria bereganatu duen Fernando Mikelarenaren ardura nagusia. Horregatik osatu zuen “Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936”. «Liburu gogor, gordin eta mardula da», aitortu zuen egileak, eta memoria berreskuratu «nahi ez dutenentzat» izan zituen hitz batzuk: «Badaude oraindik halakoak Nafarroan. Senideek zer gertatu zen jakin nahi dute, eta bada garaia horretan has gaitezen; Egia, justizia eta erreparazioa», aldarrikatu zuen Mikelarenak.

Kritikotasunaren beharra

Euskarazko saiakeren alorrean Mitxelko Urangaren “Tartaroa. Mina, boterea eta egia” izan zen saritua eta autoreak, disertaziotan hasiko ez zela iragarri ostean, deiadar bat egiteko erabili zuen bere tartea: bere lanean kritika soziala eta gazte eta nerabeengan espiritu kritikoa sustatzeko ahalegina egin duen bezala, hezkuntza sistema publikoak ere bide horretan ahalegina egin beharko lukeela ohartarazi zuen.

Itzulpengintza alorreko saria Xabier Olarrak eskuratu zuen, James Joyceren “Ulises” itzultzearen erronkari gaina hartu izanagatik. Itzulpen honekin, «James Joyceren apologia, ‘Ulises’-ena pixkat bat ere, eta, ametitzen badidazue, euskararen apologia pixka bat ere egin nahi izan dut», esan zuen, obra hori euskarara ekartzeak duen garrantzia nabarmenduz.

Haur eta gazte literaturako saria Uxue Alberdiren “Besarkada” obrak jaso zuen. «Kulturaren eta sentimenduen erritmoak ez datoz bat beste erritmo batzuekin», adierazi zuen Maite Gurrutxagaren ilustrazioak daramatzan obra honen poetikotasuna nabarmenduz, eta gurasoei eskaini zien saria, «bertso doinuak, hitz kantatuak» inguruan izan zitzala bideratzeagatik. Ilustrazioaren alorreko saria Mikel Casalek jaso zuen, “Así es la dictadura” lanagatik: «Diktadoreak odolzale bezain komikoak izan daitezke; ez dute serio har ditzagun merezi», esan zuen.