Ariane KAMIO
DONOSTIA

Artisautza bizikleta gainean

Autobiografikotik asko du Patxi Zubizarretaren azken lanak. Estilo erabat librean eraikia da «Erantzuna haizean dabil» (Txalaparta), Hendaiatik Bartzelonara bizikleta gainean egindako bidaia baten kronika liburua. Zubizarretaren koaderno pertsonalarekin batera doaz Manu Ortegak egindako irudiak maketazio bereziko lanean.

«Imajinatu hamar urte dituzula eta amaren eta aitaren eskutik zoazela. Jendetzaren artean zure anaia edo arreba ikusten duzu, etxetik alde egina dagoena. Izututa, gurasoei ezer ez esatea erabakitzen duzu, eta ohartzerako zure anaia edo arreba desagertu egin da jendetzaren artean». Bere buruaren argazkia egin du Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964). «Halako zirrara sentitu dut nik, desagertutako anaia hura ni naizelako». “Erantzuna haizean dabil” lanean jarraitu egin dio bera zen 17-18 urteko mutil hari eta barrurainoko bidaia egin du. «Pertsona alderatu izan da zuhaitz enborren eraztunekin, eta eraztunetan barrena joan naiz, nire baitako horren bila», dio idazleak egindakoari buruz.

Hendaiatik Bartzelonara bitarteko bidea da bere lanik berrienaren mapa, eta 1987. urtea ordulari zehaztua. Adela eta Ordiziako mutil gazte bat –Tomas– ditu protagonista. Gazte horrengan amodioa piztu duen emakumea da Adela, bere esaldi misteriotsuek liluratu egiten dute, baita bizikletaz iristen denean ere, «sexy baino sexyago».

San Joan bezpera batean ezagutuko dute elkar, baina Adela Bartzelonara joango da. «Heriotza engainatu zuten gau batez, Hendaiarako hondartza nudistara elkarrekin joanda. Baina Tomas bakarrik dago, eta aginduko dio Bartzelonara joango dela, uztailaren 7rako, bere urtebetetze egunerako, hain zuzen». Katalunia plazan izango da hitzordua eta Hendaiatik Bartzelonara bitarte egindako bidaia koadernoa izango da Patxi Zubizarretaren lehengaia.

Hamalau kantutan

Sentimenduen bueltan eraikitako lana da Zubizarretak ondu duena, nahiz eta lehen ikusian bidaia koaderno bat izan. Bada sexu harremanetara gerturatzeko ahalegin bat. «Sexua bizipen ezkutua zen, are Ordizia bezalako herri batean. Sorginkeriak bilatu behar genituen, baina masakoak ginen eta ez genuen ligatzen», bota zuen erdi bromatan. «Bada ahalegin bat sexuaren mundura hurbiltzeko; garai hartan erlijioaren pisua hain zen handia, oso mundu itogarria zela», esaten du.

Artisau lana da Zubizarretak eta Manu Ortegak egindakoa. Egiazki existitzen den bidaia koaderno batean oinarritu du kontakizuna Ordiziako idazleak, berak egindako bidean. Testua bera ere eskuz idatzia du eta eskuz egindako eskema bat baliatu du bidaiaren nondik norakoak zehaztu eta hari nagusi bat osatzeko. Estiloaren aldetik, erabat librean aritu da; «bridarik gabeko» lana dela aitortzen du idazleak berak, ez punturik, ez maiuskularik. Hitz jokoekin eta elementu grafikoekin jolasean aritu da. «Freskura bilatu nahi izan dut, eta konplizitatea irakurle gaztearekin».

Manu Ortegarentzat iraganera egindako bidaia izan da Patxi Zubizarretarekin batera egindako lana. «Memoria bisuala berreskuratu dut, beti hor dagoena. Tabako iragarkiak kalean, Coca-Cola botila zaharrak...». Marrazkilariarentzat «erronka iraunkorra» izan da, Zubizarretak argi zituelako testuarekin bat zein irudi nahi zituen.