Maider IANTZI
GURASOS-EN MANIFESTAZIOA

«OSASUNA ETA ADOSTASUNA SOS», MILAKA HERRITARREN DEIA

MARTXA BEREZIA IZAN DA ERRAUSTEGIAK IZAN DITZAKEEN ONDORIOEK KEZKATUTAKO GURASOEK DEITUTAKOA, UMEAK ETA FAMILIAK IZAN DITUELAKO PROTAGONISTA. «HONDAKINEN ARAZOARI BESTE IRTENBIDE BAT BILATUKO DIOGU, ORAINDIK GARAIZ GAUDELAKO. EZ DIZUEGU HUTSIK EGINGO», AGINDU DIETE TXIKIEI.

Arratsalde hotz eta heze honetan, aparteko mugimendua sumatzen da Easo plazaren inguruan. Araba parkean jolasean gustura ibili dira familia batzuk, Donostiara garaiz etorrita. Bertze batzuek, trenaren azken bagoian egin dute hitzordua, elkarrekin manifestaziora joateko. Peto horidun boluntarioek markatzen dute martxaren ibilbidea, aipatutako parketik Alderdi Ederreraino.

“Gipuzkoa +: eman bidea osasunari eta adostasunari. Por un acuerdo saludable” leloa darama pankartak, koloretako globoekin batera. Bertara hurbilduz doaz haurrak, ehun guztira, guraso eta familiak gibeletik dituztela. Txuriz jantzita etorri dira, eta denbora pixka bat behar izan dute denak bi lerrotan kokatzeko. Eurak joanen dira manifestazioaren buruan eta, beraz, eurek markatuko dute erritmoa. Pankartaren gibeletik jarraituko diete milaka herritarrek.

Txalo zaparrada batekin eman dituzte lehen pausoak. Euria ezkutaketan jolasten ari da, aterkiak itxi eta ireki. Jende aunitz batzen ari da alde guztietatik. Hagitz batuta doaz, lerroka baino gehiago multzoka. Easo kalea bete dute, eta ordubetera ailegatu dira udaletxe parera.

Bide-orria mahai gainean

Txuriz jantzitako ehun haurrek bihotz bat marraztu dute bertan, «Adostasuna SOS» esaldia argiztatzen zen bitartean. Hondakinen kudeaketaren gaian irtenbide gehiago eta hobeak nahi dituztela aldarrikatu dute Estitxu Fernandez eta Joxe Mari Izetak GuraSOSen izenean. Segurtasun gehiago eta babesa nahi dituztela erran dute.

«Zer jaten, zer edaten eta zer arnasten ari garen jakin nahi dugu. Gehiago jakin nahi dugu, informazio eta eztabaida gehiago nahi dugu», eskatu dute. Instituzioetako ordezkariei botopaper bat baino gehiago direla eta dagokien gauzetan parte hartu nahi dutela eta hartuko dutela ere azaldu diete.

Lehenik eta behin, erraustegia eta Mutiloako lizitazioak gelditu behar direla erran dute, hondakinen plan orokorra legeztatzearekin batera. GuraSOSek mahai gainean jarri du irtenbiderako bide-orria. Bertan aditu, eragile sozial, arduradun politiko eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Guztiei dei egin diete konponbidea lortzeko osasunaren eta adostasunaren bideari hel diezaioten.

Eta bidea pazientziaz burutu eta elkar zirikatzen, jostatzen edo nekatuta ahozabalka dauden txikiei zuzendu zaizkie bukatzeko. «Ikusten dituzue milaka eta milaka pertsona hauek? Zuek zaintzeko batu gara. Gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogu, denok batera lortuko dugu».