Jon LEUNDA
HARRI

Bost kirolari lehiatuko dira Harri Handien finalean

Irigoien, Eizmendi, Galarraga, Illarramendi eta Goenatxo III.a lehiatuko dira. Bakoitzak lau harri ezberdin erabiliko ditu, bakoitzarekin hiru minutu izanda.

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko da bihar, 18.00etatik aurrera, Asteasuko pilotalekuan. Aimar Irigoien izango da garaipena lortzeko faborito nagusia.

Errezildarrarekin batera, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi eta Goenatxo III.a lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak, 200 kiloko errektangularra, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili beharko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiru minutuko txandak izango ditu kirolari bakoitzak.

Aimar Irigoien da, dudarik gabe, txapela lortzeko faborito nagusia, baina Jokin Eizmendi ere saiatuko da garaipena lortzen. Zarauztarrak ere oso maila ona dauka, eta bera izango da errezildarraren aurkari nagusia. Irigoienek gauzak ongi egiten baditu, zaila izango du edozeinek ere bera gainditzea, baina bestela Eizmendi hor egongo da berari aurre hartzeko prest.

Hirugarren postua

Badirudi beste kirolarien artean hirugarren postua jokatuko dutela, hori da aurreikusten dena, edo adituek uste dutena. Galarraga, Illarramendi eta Goenatxo ahaleginduko dira hirugarren postu hori eskuratzen eta aldi berean baita ere azkena ez geratzen.

Jakin badakite aurreko biei aurre hartzea oso zaila izango dela, baina beraien artean lehia polita izan dezakete. Aimar Galarragak eskarmentua badu, eta Imanol Illarramendik berak ere azkenaldian lan onak egin ditu. Goenatxo gazteak ere aurrerapauso handia eman du, eta Azkoitian bi marka handi lortu berriak ditu. Alde horretatik azkoitiarra ere indarrez agertuko da, eta duen maila erakusteko gogoz ere bai.

Doazen bostak ere oso maila handiko harri-jasotzaileak dira, eta ikuskizun handia emateko prest joango dira, eta aldi berean baita marka onak egiteko ilusioarekin ere.

Honi buruzko guztia: HARRI