Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
EUSKAL

Imanol Yeregui eta Garazi Sanchez txapeldun Mundakan

Pasa den larunbatean amaitu zen aurtengo Hego Euskal Herriko surf zirkuitua. Mundakan izan zen azken txapelketa eta mutilen zein nesken kategorian txapela irabazi zuten lehiakide berberek, urtean zehar lortutako puntuei esker, 2016ko Euskal Surf Zirkuituko txapela ere eskuratu zuten. Hortaz, Imanol Yeregui zumaiarra eta Garazi Sanchez algortarra dira 2016ko Euskal Surf Zirkuituko irabazleak.

Itsaski sendoa

Eguraldiak ez zuen lagundu larunbatean, euria eta hodeiak izan ziren nagusi, baina itsasoan olatuak handiak ziren, bi metro ingurukoak, Mundakan txapelketa egiteko nahikoa. Hala ere, Mundakako ezker olatuan sortzen den tubo famatua ez zen bere onenean, izan daiteke hondoen ondorioz edo mareak oso biziak ez zirelako.

Edonola ere, itsasbeherako txandetan tubo bat edo beste ikusi ahal izan zen eta lehiakideek denetariko ariketak egiteko aukera izan zuten.

Parte hartzeko txartela

Mundakan parte hartzeko lehiaketa ibilbide gogorra egin behar izan zuten surflariek. Hondartzetako lehen bi lehiaketen ostean, haitzetara pasa ziren eta rankingeko lehen 48 postuetan ziren lehiakideek Orruako eskuin olatuan azaroan egin zen txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu zuten.

Orruako txapelketa ikusgarria izan zen, batetik, sekulako itsaskia izan zelako, eta, bestetik, baldintza zailetan lehiakideek itzelezko maila erakutsi zutelako. Txapelketa horren ostean, rankingeko lehen 16 postuetan ziren lehiakideek beste txartel bat lortu zuten, abenduan Mundakan egingo zen txapelketan parte hartzekoa alegia.

Hilabete bateko itxaronaldi epea izan arren eta neguko itsaskien sasoia izan arren, ez da batere erraza izaten Mundakan txapelketa bat egin ahal izateko gutxieneko baldintzak izatea. Aldiz, halako batean antolatzaileak itxaroten zuten itsaskia sartu zen eta pasa den larunbatean egin ahal izan zuten Euskal Surf Zirkuituko azkenengo txapelketa.

Mutilen kategorian, finalerdietan hiru txanda egin ziren, hiruna lehiakidekoak bakoitza, eta finalean ere hiru surflari izan ziren. Lehen postua Imanol Yereguirentzat izan zen. Bigarren postua Ethan Egiguren oiartzuarrak eskuratu zuen, eta hirugarren postua Andy Criere donostiarrarentzat izan zen.

Nesken finalean Garazi Sanchez nagusitu zen. Bigarren postua Janire Gonzalez-Etxabarrirentzat izan zen. Hirugarren postuan Mikele Beato zarauztarra geratu zen, eta laugarren postua Mireia Molinirentzat izan zen.

Orain, zirkuitua amaituta eta lehiakide bakoitzak bildutako puntuen batura eginda, aurtengo Euskal Surf Zirkuituko txapeldunak zeintzuk diren esan daiteke: Imanol Yeregui eta Garazi Sanchez.

Maila altua, bereziki nesketan

Bestalde, behin aurtengo txapelketen sasoia amaituta, urtearen balantzea egitea dagokie orain antolatzaileei. Oro har, hori bai, Euskal Surf Zirkuituan ikuskizun ederra eta maila altua izan direla nagusi esan behar da. Zentzu horretan, batez ere aipagarria izan da aurten neskek erakutsi duten maila altua.