GARA
KINSHASA

Kinshasako kaleetako barealdiak ekaitzik bortitzena iragarri du

Joseph Kabila Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak manifestazio guztiak debekatu baditu ere, ehunka lagun elkartu ziren atzo Kinshasan agintariak kargua utz dezan exijitzeko. Edonola ere, herritar gehienek etxetik irten gabe geratzea erabaki zuten.

Gainerako astelehenetan sekulako bizia eta zalaparta izaten duen Kinshasa hiriak hilerria zirudien atzo. Segurtasun indarrek itxita zituzten Kinshasako Unibertsitatera doazen errepideak. Beraien aurrean manifestari batzuek Kabilari atera nahi dioten txartel gorria zeramaten eskuan, asteburuko manifestariek Bruselan eraman zituztenen tankerakoak. Herrialdeko beste hiri batzuetan ere ustezko lasaitasuna zen nagusi: dendak itxita eta kaleak huts-hutsik.

Egoera hori baliatu nahi izan zuten herrialdeko ekialdeko Mai-Mai taldeko milizianoek Butemboko espetxean zituzten lagunak askatzeko. Baina erasoaldia ez zen atera beraiek pentsatu moduan eta atzera egin behar izan zuten, gutxienez sei hildako eragin ondoren.

«Kabilaren agintaldia gauerdian amaitzen da. Bihar kaosa nagusituko da», esan zien atzo kazetariei hiriburuan Hugue Ilunga 21 urteko ikasleak, soldaduak hedatzen ari ziren unean. Izan ere, begiraleek diote hiriburuan eta inguruetan bizi diren hamabi milioi lagunen gehiengoa Kabilaren aurkakoa dela. Zentzu berean, «gaurko isiltasunak herritarren haserrea estaltzen du. Bihar egun txarra izango dela esan nahi du», zioen Moises ikasleak oposizioa nagusi den Mombele auzoan.

Gobernuak maniobra ugari egin ditu Kabilak presidente karguan jarrai dezan, nahiz eta Konstituzioak espresuki debekatzen duen. Aurten egin behar ziren bozketak egin gabe geratu ziren, «arazo logistikoengatik». Oposiziokoek ez dute onartzen esplikazio hori. Exekutiboak lortu du Auzitegi Konstituzionalak arrazoia berari ematea, eta oposizioko talde batzuen babesa ere lortu du, baina gazte askok Burkina Fason 2014an gertatutakoa dute gogoan: herritarrek kendu zuten Compaore agintetik.