Maitane ALDANONDO

Gabonetako jeinuen aniztasunari buruzko gogoeta animatua

Hamar urte behar izan ditu Somuga ekoizpen etxeak «Pixi Post eta opari-emaileak» animazio filmaren gidoia pantailara eramateko. 2013an hasitako lanen emaitza gaur iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Eguberrietako magia eta balioak lotzen ditu.

Antartikako arbola baten inguruan batzartu dira munduko jeinu opari-emaileak, Eguberria prestatzeko. Pixi Post, neska elfoa, jabetu da haietako bat falta dela. Jakinarazi die gainerakoei eta ikertu edo ez ari dira. Haurrik ez duelako desagertu dela diote batzuek, besteek, berriz, zerbait gertatu zaiola. Pixi Post bidali dute bazterrak arakatzera eta erantzulea aurkitu du: Monopolish. Jeinu ohiaren egitasmo maltzurra deuseztatu behar du, Kepa mutiko bilbotarraren laguntzarekin. Lortuko al dute? Zer gertatuko litzateke gaizto batek Eguberrietako jeinu guztiak desagerrarazi nahiko balitu, bere boterea berreskuratu eta opari-emaile bakarra bilakatzeko? Abentura horretan murgildu eta Gabon giroko magiaz gozatzeko aukera izango dute txikienek egunotan; izan ere, “Pixi Post eta opari-emaileak” animazio filma gaur iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Ingelesez prestatu badute ere, euskaraz eta gaztelaniaz ikusteko aukera dute.

Somugak sortutako lana Gorka Sesmak zuzendu, Edorta Barruetabeñak idatzi eta Juanjo Elordik ekoitzi du, azken biei bururatutako ideia bat abiapuntu hartuta. Halere, sorburuan “Olentzero New Yorken” ipuina dago, gidoilariak berak idatzia eta 2005ean Ikastolen Elkarteak argitaratua. Istorio hartan ikazkinak AEBetara bidaiatu behar zuen: «Olentzero opariak banatzen ari zela, ohartu gabe umeetako bat New Yorkera joan da amamarekin, beraz, hara joan behar du eta Santa Clausekin elkartuko da. Abiapuntua hori izan zen», gogoratu du. Eguberrietako istorioei heldu izan diete aurretik ere, Baleukok ikazkinari buruz egindako sortan. Sesmaren hitzetan, «xarma dute. Sinesmena, magia... Umearen mundu magikoa zabaltzen ari zarela. Polita da». Euskal mitologiako pertsonaian oinarritutako filmak landa inguru bukolikoan girotuak izaten dira; lan honetan, aldiz, bestelako istorioa kontatu nahi zuten, urbanoagoa eta egungo umeek bizi duten errealitatetik hurbilago dagoena.

4 eta 9 urte arteko haurrei bideratutako filma da. Indarkeriarik ez badu ere, txikiagoak beldur ditzaketen «tentsio uneak» badirela ohartarazi du Sesmak. Goiko muga, berriz, sinesmenari lotua dago, adin horretan opari-emaileen atzean «zer dagoen» dakitelako. Dena den, zaharragoentzat ere ordu eta erdi interesgarria izan daitekeela uste dute.

ORIGINALTASUN ARTISTIKOA

Irudi aldetik berezia egin nahi izan dute. Hasieran bi dimentsioko pelikula izan behar zuen, baina hirukoa gauzatu dute. Ez dute, ordea, nagusi den 3D filmen antzekoa egin nahi izan. Aldiz, irudi horrekin apurtu eta estetika propioa bilatzeko ahalegina egin dute, Sesmaren esanetan, «originala izaten saiatu gara, ez izaten ohituta gauden produktu horiek bezalakoa, balio bat ematen». Hau da, berezko bidea aukeratu dute ekoiztetxearen “Gartxot” edo “Yoko” lanetan egin bezala, «originaltasun artistikoa eta estetika berezia» landuz. Film laburretan ohikoagoak diren hautuak egin dituzte, hala, batzuetan 2D itxura du edo manga munduko hainbat elementu agertzen dira...

Olentzero, Errege magoak, Aita Noel ezagunak dira inguruotan, baina Galiziako Apalpador, Snegurochka, Christkinder... ere agertuko dira. Somugako kideek ez zekiten opari-emaileen alorrean zenbaterainoko aniztasuna dagoen, ezta Euskal Herriko egoeraren antzeko zenbat dauden ere. Gidoilariak gogoratu duenez, Austriako azoka batean istorioa ulertuko ez zuten beldur ziren, baina harrituta gelditu ziren jakitean han Jesus haurra dela Santa Clausen inperioari aurre egiten saiatzen ari dena. «Globalizazioaren isla da. Inperioaren kulturak gero eta toki handiagoa hartzen du. Beste batzuek egokitu behar izan dute ala defendatu», azaldu du Barruetabeñak. Hala ere, ez zuten nahi Aita Noelen kontra egin, «bere jarraitzaileak umeak dira eta jeinu on bat da», ezta opari-emaileak elkarren artean borrokan jarri ere. Horregatik, bi pertsonaia sortu zituzten. Batetik, Pixi Post, ikertu eta borroka zedin; bestetik, Monopolish, maltzurraren papera joka zezan. Adiskidetasuna eta bestelako balio onekin batera, gogoetari bidea eman nahi izan diote. «Ondo pasatzeaz gain, mezu bat igortzen du pelikulak: ezberdintasuna ona da. Aberasgarria da ezberdinak izan eta elkarlanean aritzea, nahiz eta batzuetan liskarrak egon. Gure gaiztoa ez dago Eguberrien kontra, dena uniformatu eta berdindu nahi du. Berak bakarrik eman opariak, dena monopolizatu». Hausnarketa horiek guztiak umeek ulertzeko moduan eta positiboki adierazi nahi izan dituzte. Eta noski, era entretenigarrian ere bai.

Gorabeherez betetako bidea

Somugaren sorrerako egitasmoetako bat zen opari-emaileei buruzko istorioa. 2008rako kontakizuna prest zuten, baina buelta asko eman dizkiote eta aldatzen joan da bidean, jasotako iruzkinei erantzunez, Elordiren ustez, ordea, «proiektu bera da». Berak zuzentzeko asmoa zuen, baina azkenean Sesmak hartu du ardura. Dena den, ahal izan duen guztian lagundu dio. Baita hasierako probetan ahotsak jartzen ere. «Oso erraza izan da proiektua partekatu, konfiantza hartu eta bere esku uztea. Horrek erraztu eta ahalbidetu du ni ekoizle paperean gelditzea». Orain hiru urte martxan jarri zuten eta 70 lagun aritu dira animazio lana egiten.

Hasieratik koprodukzioaren aldeko apustua egin zuten. Ondorioz, finantziazio bila ateak jotzen, urte asko eman dituzte. «Urteak pasatu zaizkigu bueltaka. Erakutsiko banizu zenbat produktorerekin ibili garen gora eta behera. Eta tratua ia itxita, azken unean... Asko kostatu zaigu une egokian pertsona aproposarekin topo egitea», aitortu du Elordik. «Nobio eta nobia asko» izan dituzte, baina bestelako akordioetan zehaztutako epeak bete behar izateak zaildu egin ditu akordioak. Alemaniako ekoiztetxe batekin hasi ziren, baina baldintzak betetzeko gai izan ez zirenez, beste aukera posible batzuen moduan, proiektutik irten ziren. Azkenean, Kolonbiako Digitz Filmekin elkarlanean egin dute. Ezustekoa izan dela aitortu du ekoizleak. «Nork esango zuen! Proiektu oso europarra zela uste genuen, batez ere Europari ukitzen dion gaia delako opari-emaileen aniztasuna». Hegoamerikarrek aurrekontuaren %22 jarri eta lan batzuk egin dituzte; halere, «ez dute artistikoki zeresan larregi izan». Zuzendariak aipatu duenez, hasieran kolonbiarrekin elkar ulertzea pixka bat kostatu zitzaien, baina moldatu dira. Gainera, nahiz eta zailtasunen bat edo beste eragin, elkarlana «aberasgarria» dela uste du, «gauzak ikasten dituzu besteengandik». Hauekin lankidetzan, datorren urteko Eguberrietan beste herrialde batzuetan erakusteko asmoa dute. Halaber, ETB, ICCA, Eusko Jaurlaritza edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute.

Duela pare bat hilabete amaitu zuten filma, eta «akituta iritsi» badira ere, pozik daude emaitzarekin; baita proiektua bera gauzatzeko gai izan direlako ere. Animazioa «oso garestia eta prozesuak oso luzeak» direla dio gidoilariak, eta Elordik, maratoian lasterka egitearekin alderatu du. «Animazioa prozesu konplexua da eta adi ibili behar duzu desastre handirik ez egiteko. Maratoia bezalakoa da, ez dago esprintik egiterik, eta energia zaindu behar, larregi ez erretzeko; bukaerara iritsi behar baituzu». Lasterketa horretan etengabe aldatzen joan dena gidoia da, filma egiteko prozesuan askotan eraldatua. «Azken unera arte bizirik dago. Animazioan guk lan egiten dugun bezala, gidoia ez da sekula hiltzen, postprodukzioa arte». Zuzendariarekin elkarlanean, idatzitakoa egokituz joan da Barruetabeña, hainbat gauza animatzen zailak zirelako edo beste bide batetik transmititu zitezkeelako. Elordik aitortu duenez, «ez dauka zerikusirik orain hamar urte pentsatu genuenarekin, baina uste dute nahiko goitik gelditu garela hasieran eduki genituen espektatibetatik. Polita gelditu zaigu».