Tubos Reunidoseko lan erregulazio dosierra bertan behera uzteko eskatu dute
Amurrioko Tubos Reunidos-eko ELA eta LABeko sail sindikalek enpresako zuzendaritzari eskatu diote langile gehienei ezarritako aldi baterako lan erregulazio dosierra baztertzeko, lana gehitu dela argudiatuz.
ELA eta LABek Amurrioko Tubos Reunidos Industrialeko zuzendaritzari aldi baterako lan erregulazio dosierra baliogabetzeko eskatu diote. Joan den apirilaren 17an jarri zuen martxan espedientea, bi sindikatuon sinadurarik gabe. Lantaldeko 890 langileetatik 776ri eragiten die.
Esplikatu dutenez, espedientea ezarri zutenetik batez beste 12.500 tonako eskaera jaso du enpresak hilabetero, aurreko 12 hilabeteak hobetuz. Erantsi dutenez, egiten ari diren produktuak balio handiagoakoak dira. «Honi gehitu behar zaio petrolioaren prezioa bikoiztu egin dela eta bere prezio baxua izan zela Tubos Reunidosek bere txostenean espedientea ezartzeko eman zuen arrazoietariko bat».
Sindikatuek diote lanaldiei begiratuta espedienteak izan duen eragina ez dela %5,5era ailegatu. Arrazoiak antolakuntzarekin lotuta daudela aipatu du, eta ez eskari eskasiarekin. ELA eta LABen iritziz, espediente honek «enpresak nahi duen eta indarrean dugun hitzarmenak ematen ez dion langileen malgutasuna» du oinarri, eta horrekin batera Amurrioko enpresan «planifikazioan eta ekoizpenean egiten ari diren errakuntzak zuzentzen ahalegintzea».
Horretaz gain, sindikatuek nabarmendu dute urtarrilean eta otsailean lantegiko produkzioak normaltasunez segituko duela jakinarazi duela zuzendaritzak. Joan den urtean 6.000 aparteko ordu egin ziren.
«Datu hauek frogatzen dute, batzordeko gehiengoak esan bezala, Tubos Reunidos Industrialeko zuzendaritzak aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzak babesa eman zion espedientea ez dagoela justifikatuta», defendatu dute.
Itsasondon, greban
Bestalde, Itsasondoko Jaso Industrialeko enpresa-batzordeak langileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko dituela baieztatu du. Enpresa Hitzarmenik gabe daude 2015 amaieratik eta asteazkenean 21. eguna bete zuten greba mugagabe partzialean.
Manifestazioa egin eta zuzendaritzarengana jo zuten irtenbide bila, baina honen jarrera «onartezina» dela azaldu zuten.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
