Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Euskarazko zinemagintzaren «argazki historikoa» osatzen ari da Zinea Sortzen

Film luze, film labur, ekoiztetxe nahiz euskal profesionalen erreferentziak barneratuko dituen datu basea da Ganbara. Zinea Sortzen ekoizpen etxeak abiarazi du egitasmoa, beste zinemagintzetan baden baliabidea falta zela sumatu baitzuen Ritxi Lizartza arduradunak. Hainbat iturritan sakabanatuta dagoen informazioa gune bakarrean biltzea dute helburu. Gutxieneko zerrenda bat osatu badute ere, urteak beharko dituen bidea egiteke dute.

Bide luze baten hastapeneko urratsak baino egin ez dituela aurkeztu zuten Ganbara proiektua. Euskarazko zinemagintzaren biltegia izan nahi du egitasmoak; 1956ko “Gure Sor Lekua” euskarazko lehen filmetik abiatuta, azken urteotan ezagun egin diren “Aupa Etxebeste!”, “Loreak” edo “Amama” filmetara helduz. Baina hor gelditu gabe, etengabe sorkuntza lan berrienak barneratuko baitituzte.

Proiektuaren sustatzailea Zinea Sortzen ekoiztetxea da eta, haren buru Ritxi Lizartzaren esanetan, sumatutako hutsune bati erantzuten dio. «Nabaritu genuen euskarazko zinemagintzan ez zegoela halako datu baserik. Filmategiak badu zerrenda bat, on line dagoena, hainbat pelikularen inguruko fitxekin; norbaitek bere garaian modu pribatuan egindakoa eta dohaintzan eman ziona», argitu du lantaldeko kide Maialen Goñik. Oinarri hartu dute hori eta azken hamarkadako lanekin hasi dira. Oraingoz datu basea besterik ez da, baina euskaraz dauden film guztien erreferentziekin batera, industriako profesionalenak eta eragileenak ere barneratuko ditu.

Gidoiak, balio erantsia

Ganbararen helburua «argazki historikoa» egitea da, industriaren eduki guztien erakuslea izatea. Topagunea izan nahi du, euskarazko zinemagintzaren inguruko bilaketen erreferentea. Tokia izango dute bertan film laburrek eta luzeek –dokumentalak, animazioa eta fikzioa–; ez ordea, telesailek, nahiz eta ikus-entzunekoetan muga «oso lausoa» izan eta bereizten zaila «zer bai eta zer ez». Filmen inguruko albisteak, kritikak, sariak... ere eskuragarri jarriko dituzte fitxetan.

Gidoiak dira biltegiaren ekarpen bereizgarria, Creative Commons lizentziapean irakurri ahalko direnak. «Atzean zegoen gidoia film nola bihurtu duten ikustea polita da». Eskuratzen zailak direla azaldu du proiektuko kideak, horiek irakurtzeko ohiturarik ez baita Euskal Herrian. Eskubideen jabeetako batzuek ondo hartu dute proposamena, beste batzuek, aldiz, «errezeloz». «Normala da, ez dakite zer erabilera emango zaien». Lanketa egiten ari dira, azalpenak eman eta ados daudenekin hitzarmenak sinatuz.

Datuak askotariko iturrietan sakabanatuta daude, horregatik, horiekin harremanetan jarri dira laguntza eskatzeko. EITBk, Zinemaldiak, Filmategiak eta Zineuskadik, esate baterako, katalogatuta dituzten lanen zerrendak helarazi dizkiete. Goñik aitortu duenez, «lan itzela egin behar izan dute denek, baina oso ondo hartu eta laguntzeko prest egon dira beti». Une honetan gutxieneko zerrenda dute: 200 film eta 400dik gora profesionalen fitxak eta 10 gidoi. Lehenik euskaraz sortutakoak landuko dituzte, berriak kargatu eta atzera eginez. Halako 700-1.000 sarrera aurreikusten dituzte. Jarraian, euskarara ekarritakoetara joko dute, hau da, bikoiztu nahiz azpititulatuetara. Guztiak batuta darabilten kopurua 3.500 izenbururen bueltakoa da, baina badakite gehiago ere badagoela.

Sektorearen oniritzia

Harrera ona izan du Ganbarak euskarazko zinemaren esparruko eragileen artean, «gehienek beharrezkoa dela esan dute». Egitasmoa publiko egiteak ere lagundu die, zenbait ekoizle, zuzendari eta aktore harremanetan jarri baitira fitxak osatzeko informazioa eskainiz. Goñiren esanetan, «oso positiboa izan da, lehen urrats hori egin eta jendea harremanetan jartzeak erakutsi du interesa badagoela».

2015ean gordailuari forma ematen hasi zirenetik, informazio bilketaz gain, datu basearen beraren diseinuak hartu du lanaren zati handiena. Plataforma erabat berria da, hutsetik eratua, arin kargatzeko beharrei erantzuten diena. Gainera, etengabe hobetzen eta berritzen ari dira. Proiektua Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dute eta Filmategiak, EITBk nahiz beste hainbat eragilek beren informazioa eskainiz babestu du.

Epe laburrean asmoa dute unibertsitatean aurkezpenak egiteko, «gazteek ikus dezaten, hor hutsunea baitugu. Ea erakartzen ditugun eta pixkana zabaltzen goazen», amaitu du.