Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hurbileko danbor hotsak

Klimax politikoan desizozte garaia omen. Amen. Ez dakit nik, ez bada hangoen etenik gabeko helegiteek hemengo lurretan sortzen duten beroketagatik! Hemengoek eguraldia esaten diote hangoen egurraldia denari. Mendekotasun legea politikara ekarria. Ama, ama!

Batzuen benetako korapiloa ez dago ez Bergaran ez amen bateko abiadurako zer horretan ere, gaurko korapiloak geroari zelan aurre egin, horretan dirau. Bitartean, klimak hotzera egin du, itsasoak hil ez duena kaleak hiltzeko arrisku betean utziz. Zer gizarte klase da bankuen kutxazainak etxe bakoen babesleku eskaintzen duena? Zoru klausula eta guzti!

Tira, harira! Hasiak dira aurtengo Zinemaldia prestatzen. Sail berezia izango ei da honetan, danborrari eskainia: Danborrostia. Film klasikoak pantailaratuko ei dira, “Hurbileko danbor hotsak”, “Donostorrizko danborra”, “Danbo inguratua”, “Zanbor erraus-house”…, beste batzuekin batera; kasurako, “Azken danborra Donostian”, “Azken tangoa Parisen” xelebrearen remake dena, “Hutsezko danborra”, “Danbor Enean bakarrik I”, “Danbor jokoa”… gutxienez, den-denak bertoko ekoizpen direnak.

Gehienek azpikeria itxurako intriga, beldurrezko umore beltza eta komeriaren negargarria nahastuko dute, reality show modura, baina, hori bai, musikatu gabeak izango dira eta zuri-beltzean, badaezpada.

Antza, laster dira castinga egiten hasteko alegiazko udaletxeren batean, aktore nagusien eszena arriskutsuenetarako, udal batzarretakoak, funtsean, estrak hautatzen hasiko direla.

Sari berezia izango da sail honetako ekoizpen onenarentzat, eta aurkeztu daitezkeen guztiak bertokoak izango direnez, nahiko segurua da bertoko bat izatea irabazle. Zalantza zera da, ematekotan zer sari eman; danborra izatea alboratu egin dute… omen. Amen.