GARA
ANKARA

Beste urrats bat egin du Turkiako erregimenaren izaera aldaketak

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen ahalmenak handitzea aurreikusten duen Konstituzioaren erreformak beste urrats bat egin du, Parlamentuak lehen irakurketan argi berdea eman baitio. Nagusikeria handitzeko arriskua ikusten du oposizioak.

AKP Erdoganen alderdi islamistaren aldeko botoak eta beren aliatuenak izan zituen erreformak igande gauean egindako bozketan. Bigarren irakurketa gainditu beharko du orain proposamenak, eta hori bihartik aurrera egingo da. Azkenik urrats bakarra geldituko litzaioke: erreferenduma (martxoa eta apirila aipatzen dira hori egiteko aukera moduan).

Konstituzio berrituarekin, presidenteak ahalmen gehiago izateaz gain, lehen ministro kargua desagertu egingo litzateke. Teorian Binali Yildirim lehen ministroa da egungo gobernuburua, baina Erdogan presidentetzara iritsi zenetik, apaingarri moduko zerbait bihurtzen ari da. Mustafa Kemal Ataturkek 1923an Turkia modernoa sortu zuenetik, beti izan da lehen ministro bat. Yildirim bera erreforma konstituzionalaren aldekoa da. Turkiako hedabideek aurreratu dute sistema berrian presidenteorde izendatuko duela Erdogan presidenteak.

Erdoganen aldekoak pozik daude. Numan Kurtulmus lehen ministrordeak zera esan zuen Twitterren: «Jainkoari esker, Turkiak gobernu modu eraginkorrago bat izango du».

«Agintean dagoen alderdiak abian jarri duen erreforma ez da ona Turkiarentzat. Demokraziaren, zuzenbide estatuaren, botere banaketaren eta justiziaren independentziaren alorretan arazoak eragingo ditu», esan zion AFPri Faruk Logoglu CHP alderdi kemalistako zuzendaritzako kideak.