Idoia ERASO
URRUÑA

Mundu osoko 123 film aurkeztuko ditu gaurtik FIPAk

Ikus-entzunezko Emankizunen Nazioarteko Festibala gaur abiatuko da Biarritzeko Gare du Midin eginen den irekiera ekitaldian. Larunbatean itxiera ekitaldiarekin bukatu artean, 123 emankizun ikusteko parada izanen da. Film, dokumental, erreportaje, telesail... askotarikoak eta jatorri oso ezberdinetakoak. Igandean emankizun sarituak ikusteko parada izanen da.

Protagonistak pantaila gainekoak izango badira ere, Smart-Fipak ikus-entzunezkoen munduko azken berritasunak deskubritzeko parada ematen du urtero, eta aurten hologramak eta bestelako irudi euskarriak aztertuko dira.

Telebistaren mundura hurbiltzeko beste aukera batzuk ere eskainiko dira: hitzaldi, mahai-inguru, erakusketa... Europako, eta mundu osoko profesionalak hurbilduko dira gaurtik goiti Biarritzera, eta egungo joerak eta etorkizuneko arrakastak ezagutzen lagun diezaguketen esperientziak ezagutzeko aukera ematen du.

Gonbidatu horien artetik Kanadatik heldutakoak nabarmendu behar dira; izan ere, aurtengo gonbidatu berezia baita herrialdea. Gainera, Ipar Amerikak eremu honetan duen aitzinamenduak aurreko urteekin konparatuta herrialdeari loturiko emanaldi eta ekitaldi kopurua handitzea ekarri du. Orotara, maila handiko 30 bat profesional etorriko dira Biarritzera.

«Filmak munduan gertatzen denaren isla dira», baieztatu zuen François Sauvagnargues ordezkari orokorrak, eta aurten ere bertan gertatzen ari diren mugimenduak ikusiko dira.

Kanaldude

Ipar Euskal Herriko herri telebistak zuzeneko emankizuna eginen du Bellevue jauregitik. Ostegunean, 19.00etatik goiti, jaialdiaren film aukeraketari eta Euskal Herriko telebistari buruzko gogoeta eginen du.