Imanol Urbietari eman diote merezimenduzko Argia Saria
«Amapola Morea» irratsaioa, Ane Irazabal kazetaria, «Busti» saioa, Game Erauntsia komunitatea eta Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena izan dira gainerako sarituak.

Iazko irailean zendu zen Imanol Urbietari eskaini zioten atzo ibilbide osoa ohoratzen duen merezimenduzko Argia Saria, Usurbileko Atxega jatetxean egin zuten sari banaketan. Saria haren emazte Kontxi Aizarnak jaso zuen: «Eskerrik asko Manolorekin gogoratzeagatik, gustura egongo zen hemen hainbeste gazte herrigintzan lanean ari direla ikusiz. Denon eginbeharra omen da bizitza honetan arrastoren bat uztea, eta kontziente naiz Imanolek berea utzi duela. Maite zuen ‘Argia’, eta hainbatentzat argia izan da. Eskerrik asko», egin zuen eskertza.
Sari berezia eskaini aurretik, ikus-entzunezko alor ezberdinetako sariak iragarri zituzten. Irratiaren alorrean, Antxeta eta Oiartzun irratiek elkarlanean egin eta INFO7n zein Arrosa Sarearen bidez hedatzen den “Amapola Morea” saioak eskuratu zuen, «euskal emakumeak lehen lerrora ekartzen egindako ahaleginagatik». Mirari Martiarena eta Aitziber Zapirain esatariek zehaztu zutenez, euren lanbideetatik kanpo egiten duten programa hau sortu zutenean «pentsatu genuen emakumeak plazara, irratira atera behar genituela, eta lasai hitz egin nahi genuen, ez egunero izaten diren hogei minutuko elkarrizketa horiek», aipatu zuten. «Eskertu behar ditugu ‘amapola’ izatea onartu duten emakume guztiak; 50 bat egin ditugu eta inork ez digu ezezkorik eman».
Errefuxiatuen afera
Prentsaren alorreko Argia Saria Ane Irazabal kazetariak jaso zuen, «errefuxiatuen azalean jar gaitezen egindako lan handiagatik». Kazetariak gogora ekarri zuen «orain sei urte motxila hartu eta Palestinara freelance moduan joan nintzenean» “Berria” eta “Argia”-rentzat idazten hasi zela, eta gerora hasi zela irratian eta telebistan. «Askotan erritmo frenetikoak ez digu uzten hausnartzen, beste era batera begiratzen, bizi izan dugun guztia kondentsatu eta artikulu batean idazten. Niretzat idaztea izan da barruan neukana botatzeko modua, transmititzekoa, eta uste dut errefuxiatuen aferan, hasi besterik egin ez den drama honetan, kazetariok badugula erantzukizun bat», esan zuen.
Ikus-entzunezko saria EHZko lantaldearen ekimenez egin eta Kanalduden emititu den “Busti” umorezko saioak eskuratu zuen, «diru gutxirekin, irudimenez, ausardiaz eta irudi bereziz saio dinamikoa, lotsagabea eta ezustekoz betea oparitu zigutelako». Saria lantaldeko bi ordezkarik jaso zuten eta, zehaztu zutenez, «atxikitzen duguna da bestelako ereduak posible direla, umorea ere erabil litekeela. Euskal panoraman ikusten dugu hutsune hori badela eta uste dugu gazteok jarraituko dugula hutsune hori betetzen». Gazteen telebista sortzeko Altsasun hasi den dinamika ere gogoan izan zuten.
Interneteko saria Urtzi eta Aritz Odriozola lehengusuek jaso zuten Game Erauntsia komunitatearen izenean. Bideo jokoen mundua «erdalduna, biolentziarekin oso lotua, gizonezkoena» dela esan zuten: «Eskatu nahi dugu euskal jendea gerturatu dadila guregana, ikuspuntu hau guztia aldatzen hasteko». Azkenik, sustapen ekintzari Argia saria Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenak jaso zuen. Aitziber eta Berdaitz Gurutzeagak esan zutenez, «modu kolektiboan aktibatuta, uste baino sinpleagoak diren ideien inguruan aritu gara: euskaldunen artean euskaraz egitea eta ulertzen duenari ere euskaraz egitea. Balorazioa positiboa da; uste baino askoz gehiagotan egin dezakegu gure hizkuntzan geure buruan sinesten badugu», ziurtatu zuten.
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
