Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Alegia

Bere nortasuna ezagutzera eman nahi izan ez duen San Frantziskoko (AEB) bizilagun batek George Orwellen “1984” (1949) eta Margaret Atwooden “The Handmaid’s Tale” (1985, Neskamearen ipuina) nobelen ehunka kopia dohainik eman ditu AEBetako presidentetza berriaren kontra erresistentzia mekanismoak garatu ahal izateko. Atwooden lan berak protagonismo handia izan zuen urtarrilaren 20an, Trumpek presidente kargua zin egin zuen egunean bertan, Washingtonen zein AEBetako beste hainbat hiritan antolatu zituzten emakumeen aldeko manifestazioetan. Kanpainan zehar Trumpek egindako komentario misoginoak gogoan hartuta eta bere gobernuak emakumeen kontra har zitzakeen (eta jadanik hartzen hasi den) neurriei aurre egiteko asmoz, katu-belarridun artilezko txano arrosak buruan manifestazioarekin bat egindako hainbat emakumek (eta zenbait gizonek ere bai) Kanadako idazlearen nobelari erreferentzia egiten zioten pankartak eraman zituzten. Atwoodek berak manifestazioan parte hartu zuen, hark ere txano arrosa buruan. Zeinen txundigarria izan behar izan duen harentzat hamarkada batzuk lehenago bere nobelan deskribaturiko diktadura militar teokratikoaren oso bestelakoa ez den erregimena begi aurrean indarra hartzen joatea. Zeinen txundigarria izan beharko duen harentzat nobelako diktadurak, kristautasunaren izenean, emakumeen zein giza-eskubideen kontra oro har harturiko erabakiak oraingo administrazioak harturikoen antzekoak izatea. Alegiazkoa izateari utzi eta errealitate bihurtu den ipuina.