Lander Garro
Idazlea

«Patria»

Espainian inoiz ikusi gabeko promozioa egiten ari zaizkio Fernando Aramburu idazle aski fanatikoaren “Patria” liburuari. Aste honetan, behinola Espainiako ezkerraren erreferentzia izandako egunkari batek, “Patria” izandako arrakasta literarioaz albiste bat plazaratu du, eta EHko indar politikoen iritziak bildu ditu. Liburuak tortura izandako izurrite kriminala banalizatzen eta ia zuritzen duenez, arretaz irakurri ditut iritziok eta, berriro ere, EAJko Jokin Bildarratzek eman dit atentzioa: «Lehen pertsonan ezagututako bizipenak sentitu ditut: mehatxatutako enpresaria, erakundeko kidea, begi urdin izoztuak dituen apaiza». Ezin da klixe gehiago erabili esaldi bat osatzeko. Baina azkena bereziki patetikoa iruditu zait: «begi urdin izoztuak» dituen apaiz maltzur, edo, esan genezake: gupidagabe, asesinoen lagun... ad nauseam. Urteetan “Informe Semanal”-ek kontatzen zigun nobela infamea da, baina tolosar “abertzale” baten ahotik. Duela gutxi idatzi nuen hemen, Aramburu bera Donostian izan zenean Saizarbitoriak gogo txarrez eta gogaiturik eman behar izan zion errepasoa, hura behin eta berriz euskal literaturaz irudi faltsutu bat ematen saiatu zelako. Aramburu halakoxea baita: errealitatea deitzen dugun fenomeno ezerosoaz aparte bizitzea gustatzen zaio, mundua bere gorrotoen arabera eraikiz. Konplize bila badabil, zorteko da: hemen, EAJ dagoen bitartean, ez zaio inoiz konpartsarik faltako.