Inauterien izpiritua antzoki eta karriketara darama Hartzarok
Inauterien karietara egiten den Hartzaro festibala gaur hasi eta otsailaren 28an bukatuko da, astearte-inautearekin. Azken eguna izaten da Uztaritzeko karriketan jende gehien biltzen duena, baina ez da bakarra, ehunka jende elkartzen dituen beste ekimen anitz bai baitira.

«Neguko jaien erakusleiho entzutetsua; Hartzarok beste behin ere udaberriari harrera egitera gomitatzen zaituzte», azaldu zuten jaialdiaren antolatzaileek. Antzokiak, kaleak, gelak, gaztetxeak... programaziogune bihurtzen dituen hitzordua arte garaikidearen erakusleiho baldin bada ere, ohituren eta tradizioen berrikuspena eskaintzen duten adierazpideak gailentzen dituzte. Baita inauteriei loturikoak ere; hala, memoria kolektiboa ikuspegi garaikidetik lantzen duen “Tutak” kale ikuskizuna izanen da aipagarrienetako bat.
«Gure programazioko ekimen guztietan atzematen da inauterietako izpiritua, karriketan, mintzaldietan... Hastapenetik bukaerara arte hamar egunez milaka pertsona biltzen dira. Hala ere, egun nagusia astearte- inautea da; hor eguraldia lagun bada, bi eta hiru mila pertsona elkartzen dira Uztaritzeko karriketan», baieztatu zuen harro Filipe Lesgourguesek, ekimeneko antolatzailea den Herri Soinu elkarteko presidenteak.
Urteroko izpiritua galdu gabe aurtengo programazioak abestiari emanen dio garrantzia. «Beti bezala musika eta dantza izanen dira, baina kantua izanen da haria, gazteen abestiak eta zaharrenak», azaldu zuen Desgourguesek. Horretarako, programazioan uztariztar kantari ezagunena den Anje Duhalderekin batera, 17 urteko Mattin Lerissa baxenabartarra izanen da, esaterako. Halaber, Xerindeko Ahizpak taldearen tradizioak Demode Quarteteko modernitatearekin egingo du topo.
Urte berezia
Herri Soinu elkartea bidegurutze batean dagoela azaldu zuen presidenteak. Horretarako elkarteak berak daraman lanaz gain, egungo Ipar Euskal Herriko egoera instituzionala aipatu zuen. Elkarteari berari dagokionez, bi urte daramatzate Lurralde Kontratuaren baitan EKErekin, Uztaritzeko Herriko Etxearekin eta Errobi Herri Elkargoa zenarekin lanean egitasmo baten inguruan. Uztaritzen kulturgune bat sortu nahi dute, non 400 jarlekuko antzoki batez gain kultur dinamika garatuko litzatekeen. «Ohiko musikaren eta garaikidearen iturgunea».
Administrazioari dagokionez, urtarrilaren 1etik hiru lurraldeak biltzen dituen Euskal Elkargoa abian baldin bada ere, eskumenak ez dira banatuak izan eta egituraketa kulturala nola garatuko den ez da oraindik deliberatua izan. Lurralde erreformaren baitan ere lehen Akitania zena, orain Akitania berria bilakatu da beste bi erregio bertara bilduz. «Ez dakigu batere ze kultura politika eramanen duten», azaldu zuen.
Txistuaren inguruan elkarturik
Lapurdiko Herri Soinuk eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak mugaz gaindiko egitasmoa gauzatu dute. “Iparraldean txistu praktika berpiztu” lelopean, Uztaritzeko elkarteko presidente Filipe Lesgourguesek «egitasmo handia» antolatu dutela nabarmendu zuen. Urtean zehar Bidasoaren bi aldeak elkartuko dituen hamabi ekimen antolatu dituzte. Esaterako, martxoaren 18an Hego Euskal Herriko elkarteak bere biltzar nagusia Biarritzen eginen du.
Instrumentua ezagutzera emanez horren inguruko arlo guztiak jorratu nahi dituzte proiektu honen bitartez: soinularien saretzea, dokumentuen bilketa, irakaskuntza, ikuskizunen hedapena, sorkuntza...
Txistuaren egoerari begiratuz deliberatu zuen Herri Soinuk orain gauzatu den proiektua garatzea. Duela urte batzuk ofizialki Ipar Euskal Herrian sei irakasle zirela eta aurten, aldiz, hiru besterik ez daudela azaldu zuen: «Hegoaldean ere egoera ez da miresgarria, hortakotz bultzatu genuen, dagoena berpizteko»
Orain arteko elkarlana abiapuntua izatea nahi dute antolatzaileek. «Bultzatuko dugu Iparraldeko txistularien elkartearen sorrera, baina musikariek beraien artean egin beharko dute», azaldu zuen Lesgourguesek etorkizunari begira. Egitura berri hori sortuko balitz, aurten egitasmo zehatz baten inguruan sortua izan den txistuaren bitarteko harremana egonkortu ahal izanen litzatekeela uste du. I. E.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
