Ramon SOLA
donostia

Hilaren 8aren ostean ere, adostasunaren beharra nabarmendu du Foro Sozialak

Pasa den urriaren 22an, blokeo anitza konpontzeko gizarte zibila giltza izan zitekeela aipatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak, eta hala gertatu da. Gainera, adostasun handia lortu dela azpimarratu du. Orain, armagabetzearen ondoren ere horri eusteko beharraz mintzo da. Estatuentzat «aukera bat» ireki dela uste du.

Armagabetzearen Egunerako astebete eskas faltan, Aieteko jauregira itzuli ziren atzokoan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, pasa den urriaren 22an hortik bertatik gizarte zibila «korapiloak askatzeko» erabakigarria izan zitekeela adierazi zutela gogoan hartuta. Hala gertatu da azkenean «bakearen artisauei» esker, bai eta armagabetzearen inguruan eraiki den kontsentsu zabalaren bitartez ere.

«Une erabakigarri honi dagokion mailari eusten jakin dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Iparraldeko Euskal Elkargo berriak, alderdi politikoek eta haien hautetsiek, sindikatuek eta gizarte zibilak», azpimarratu zuten Begoña Huartek, Anaiz Funosasek zein Agus Hernanek.

Hilaren 8aren osteko agertoki berriari begira jarririk, «armagabetzeak bake prozesuaren zerbitzura egon behar du, eta aukera berriak sortzeko lagungarria izan behar da», adierazi zuten euskaraz, frantsesez eta gazteleraz irakurritako adierazpen batean. «Euskal gizartean itxaropen une bat bizi dugu. Aste hauek abiada bizikoak izaten ari dira eta historikoak. Une hau baliatzen jakin behar dugu», erantsi zuten.

Hiru ondorioren bila

Hurrengo larunbateko egun historikoak hiru ondorio izatea nahiko luke Foro Sozial Iraunkorrak. Hasteko, «gai honen inguruan lortutako adostasun zabala zaindu eta babestu behar dugu», eta, ahal bada, zabaldu, aipatu zuten. Bigarrenik, Foroak duela urtebete luze aldarrikatzen duen «triangulazioan» sakontzea garrantzitsua litzateke (gobernu-erakundeak, nazioarteko ordezkariak, gizarte zibila), kontsentsu berriak lortuz, «adibidez presoak eta iheslariak etxeratzeko bide orri adostu bat sortuz». Eta hirugarrenik, «honek guztiak Espainiako eta Frantziako gobernuentzat ere aukera bat izan behar duela ulertzen dugu –ziurtatu zuten–. Agertoki berri honek zenbait politika ulertezinago bihurtuko ditu, batez ere espetxe politikari lotutakoak», aurreikusten du.

Azken atal honi dagokionez, Pariseko eta Madrilgo gobernuen aldetik «bilakaera positiboa» ikusten dute, bai eta «azken hori sustengatzen duen alderdian» ere. «Jarrera horri euts diezaiotela espero dugu, hilaren 8a arte behintzat», eskatu zuten bildutakoek.

Bere aldetik, konpromiso hau hartzen du Foro Sozial Iraunkorrak: «Ez dugu amore emango, lanean jarraituko dugu gatazkaren ondorio guztiek konponketa izan dezaten arrazoizko parametroetan, gerra logiketatik alde eginez, mendekuetatik alde eginez, garaile eta garaituen eskemetatik alde eginez». Eta irakaspen historikoa eransten dute hemen: «Gure aitona-amonek eta gurasoek 1936an izandako esperientziak esaten digu logika honek ez errepikatzeko inolako bermerik ez duela eskaintzen».

Ez zuten ahaztu beraiek ere larunbatean Baionan egongo direla aipatzea, «guztiok ere bakearen artisauak garela ziurtasun osoa dugulako, eta harro gaudelako». Azkenik, Foroak «esker ona» adierazi die lehenengo hiru «artisauei», izan duten «adorea» eta hartu duten lanagatik.