J.L.
PILOTA

Intxauspek eta Amuletek txapelketako lehen garaipena lortu dute

Intxauspek eta Amuletek irabaztea lortu zuten atzo Berezkoen Lehen Mailako Txapelketan. Aurrean Etxegarai eta Lazkano izan zituzten, eta 40-24 hartu zituzten mendean, Irisarriko trinketean. Aurtengo txapelketako jenderik gutxien bildu zen atzokoan. Egia da ere atzokoa izango zela erakargarritasun gutxien zuen neurketa ere.

Bi bikoteak orain arteko partida guztiak galduta zetozen, eta azkena ez geratzea zuten jokoan. Aurtengoan Lehen Mailako bosgarren sailkatuak Bigarren Mailako finalerdiak jokatzeko aukera izango du, eta seigarrena kalera joango da.

Partida kaskarra izan zen, eta joan zen jendea ere ez zen ikusitakoarekin oso gustura atera. Intxauspe eta Amulet hasieratik nagusitu ziren, aurkariei aukerarik eman gabe. Atzean Amulet jaun eta jabe izan zen, Lazkanori aukerarik eman gabe, eta aurrean Intxauspek ongi amaitu zituen tantoak.

Amaieran, Etxegaraik eta Lazkanok markagailua apur bat itxuratzea lortu zuten, baina aldea handiagoa izango zen Intxauspek eta Amuletek erritmoa jaitsi izan ez balute. Behin dena erabakita ikusi zutenean, erabat lasaitu ziren eta aurkariek hori baliatu zuten markagailua itxuratzeko.

 

Emozioa Bigarren Mailan

Aurretik Bigarren Mailako partida jokatu zen, eta joko aldetik sekulako partida izan ez bazen ere, emaitza aldetik behintzat emozioa izan zen, eta hori jendeak eskertu zuen. Monze eta Luku ziren garaipena lortzeko faborito nagusiak, dirua ere alde izan zuten partidaren hasieran, baina amaieran 40 eta 39 galdu zuten Oltzomendiren eta Benessen aurka.