Nathan Fletcherrekin
Hamaikak eta hogeita bi minutu. Getariako portutik abiatu naiz, patxadaz, modu pausatuan arraun egiten. Ubidetik noa, geroz eta handiagoak ikusten dituan puntu beltzak behatzen. Surflariak dira, ur jantzietan enbalatuak doazen dimentsio bakarreko ugaztunak, instintuen kudeatzaile hala-nolakoak, eta, batez ere, izaki harrapakariak.
Urautsira heltzear uhin lerro bat gerturatu da, baina ni oraindik salbu naiz, ez naiz olatuak lehertzen diren eremura iritsi. Lehen olatua garbi jaso da eta surflari bat maldan behera desagertu da, lehorrera bidean. Bigarren olatua handiagoa da eta zima luzeko morroi batek hartu du. Gorputza olatuaren magalari itsatsita abiatu da, sekulako estiloarekin, eta, behera iristean, taularen ertzak sartzeko itzelezko indarra egiten ari dela ikus daiteke. Olatua bera baino lau bider handiagoa da eta ez da ohikoa halako baldintzetan surflaria gorantz joateko saiakerak egiten ikustea, baina tipo hori hor doa, behetik gora, gainaldean bira bat egiteko prest. Bidean erori eta olatuaren gandorrak irentsi du, baina, saiatze hutsak, nire mirespena piztu du. Olatuari oldartzeko moduak txunditu nau. Segituan konturatu naiz: «tipo hori ez da edonor».
Urautsian batez besteko adina 40 eta 50 urte artekoa da, eta taularik txikienak hiru metroko luzera du. Lekua hartu eta zima luzea begiratu dut, disimuluan. Nathan Fletcher dela dirudi, surflari famatua. Bai, bera da, ez da zalantzarik.
Hurrengo olatu ilara etorri denean lekurik egokienean nintzen eta arraunean hasi naiz nire indar guztiekin. Hego haizeak ur tantez betetzen dizkit begi aurreak eta itsu-itsuan noa, olatuak bultzatzen didan momentuaren zain. Lortu dut, inertzia sentitzen dut, flexioa egin, zutik jarri eta banoa...
Amaitzean, atzeko olatuan Fletcher datorrela ikusi dut, bira zabalak egiten ari da, maisuki, pintzel batekin maindire berde bat marrazten ariko balitz bezala. Gozamena da halako surflari bat bere onenean ikustea. Urautsira itzuli naiz, atzetik Fletcher dator, ondotik pasatzean irribarrez zerbait esan dit, ez diot deus ulertu, ez dakit zein hizkuntzatan zuzendu zaidan, baina mozolo aurpegiarekin irria itzuli eta eskuarekin okey keinu bat eginez agurtu dut. Nire buruaz lotsatu naiz.
Saio polita izan da, negu amaierako oparia, eguzkia, olatu ederrak, haize leuna eta Fletcherrek eskainitako ikuskizuna. Batera atera gara, ia elkarrekin, eta hondartzan berriz zuzendu zait amerikarra. Oraingoan ulertu diot, frantsesez hitz egin dit; uharteetako azentu oso markatua du, Tahiti ingurukoa ziur aski. Orduantxe ohartu naiz Fletcher ezker surflaria dela eta parean dudan morroia, berriz, erregularra, alegia, eskuin oina jartzen du atzean. Ez da Fletcher, beste norbait da, ez edonor, hori ziur, baina ez da nik uste nuena. Une labur batez dezepzioa sentitu dut, baina buelta eman diot. Zer axola du nor den, hari begira izugarri gozatu badut? Apur bat hitz egin dugu, hurrengo egunetarako itsaski iragarpenen inguruan, eta berriz ere okey keinu batekin agurtu dut, oraingo honetan mozolo aurpegirik gabe, edo tira, nire ohiko bisaiarekin. Eskua zabaldu eta adio keinua egin dit “Nathan Fletcherrek”. Auskalo berak norekin nahastu nauen!

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
