2017/04/08

Kronika
20. Korrika: Otxandiotik Iruñera
BARRERILLATIK ANBOTORAINO, ILUSIOA FURGONETAREN ATZETIK

EZ DA INOIZ HAINBESTE IRRIBARRE IKUSI, EZ BEHINTZAT BEDERATZI EGUNETAN ZEHAR GELDITU GABE BAZTER GUZTIAK EMOZIOZ BLAI JARTZEN DITUEN EKITALDI BATEAN. ATZO, BARRERILLATIK ANBOTOKO MAGALETARAINO, OINKADEK EUSKARAREN ALDEKO GRINA PIZTEN JARRAITU ZUTEN, ETA IñIGO CABACAS GOGOAN IZAN, ETA URRUN DAUDENAK...

Nerea GOTI
0408_eh_durango

Durangon, 1936 elkarteko 80 urteko emakume batek hartu du lekukoa, eta 100 urteko beste bat lasterka aritu da Berrizen

Eibar futbol taldeko atezaina eta emakume taldeko kapitaina joan dira Korrikaren buruan Gipuzkoako herrian

Laino artean sartu zen atzo Korrika Barrerilla mendatetik Urduñara, eta handik Aiaraldera egin zuen jauzi, bazter guztiak euskararen aldeko grinaz betez, jada enblematikoa bilakatu den furgonetaren atzetik. Euskararen aldeko irrien unibertso horretan bizi dira Korrikaren buruan doan ibilgailu horretan, 24 orduz bederatzi egunez.

Egia da handik ikusita munduak beste dimentsio bat hartzen duela Amurrion, Aiaran, Orozkon, Laudion, Arakaldon, Arrankudiagan, Ugaon... Furgonetatik irribarreak baino ez dira ikusten, lekukoaren eramaile diren milaka lagunen aurpegietan marraztuta, pankarta goratzen dutenen artean, edota (zentzu guztietan) kolore anitzak biltzen dituen lagun multzoan. Ileordeekin, lepoan boa gorria hartuta, gustuko taldearen armarria altxatuz edo Spidermanen azalean, milaka dira aldiro lasterketan sartu eta irteten direnak, eta Aiaraldeko herrietan nabarmena izan zen atzo ikastetxeetako ikasleen parte hartzea, oraingoan ordutegia lagun.

Enpresetako langileek, udal ordezkariek, Gure Esku Dagoko taldeek, alderdi politikoetako ordezkariek, gazte asanbladek, gazte antolakundeek, kirol, kultur eta dantza taldeek, euskararen aldeko elkarteek... bete zituzten kilometroak herri honen orografia aldapatsuari aurre eginez. Hori ere ez da Korrikaren kasuan arazo, nekeak jotzen duenean, ondoan ez da-eta lekukoa hartzeko eskurik falta.

Lagungarriak dira oso korrikalariak pizten dituzten hitzak, furgonetatik etengabe heltzen direnak. Hala, Larrinbetik gora aldapa zorrotz egiten denean, Baranbiorako bidean, basoen arteko errepide kilometro luzeetan... ere korrikalariak bizkarka korrika ikus daitezke, edota eskuak gora hegan egingo balute bezala, edota saltsa erritmora gerriak mugitzen, edota suge moduko ilarak egiten... Horregatik, gerta daiteke Aiarako Asier Rubio bertsolariak korrika doan bitartean bertso bat botatzea, eta, ostean, birritan furgonetara igo behar izatea bertsotan jarraitzeko, euskararen alde hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela gogorarazteko.

Omenaldiak eta opariak

Ibilbidean zehar furgonetatik mila aldiz jaitsi eta igo behar diren horiek, pankarta zabaldu eta jasotzen dutenak, lasterketari musika eta saltsa ipintzen diotenak neska-mutilek diotenez, jende andana topatzen ari dira aurtengo Korrikan Euskal Herriko bazter guztietan. Afaldu eta gosaldu baino egiten ez dutenek (loa baita erdian den bakarra), herritarren laguntza etengabea dela aitortzen dute. «Pentsa, aurten ez dugu erosketarik egin beharrik ere, egunero ekartzen digute eta zeozer jateko», diote eskertuta.

Laudion, Doluminetako barikuko azoka topatu zuten, eta jendetza bildu zen lasterketara. Bertan, Iñigo Cabacasen omenezko kilometroa egin zuten, buruan familiako kideak zirela.

Jarraian, Hego Uribeko herriak zeharkatu zituen Korrikak Nerbioi ibaiaren paretik. Basaurin, suhiltzaileak kamioi eta guzti azaldu ziren; Galdakaon, gizonezko batek emazteari oparitutako kilometroa egin zuen, eta handik Zornotzara eta Durangora, non bertako Udalak txanda egin zuen lehenengoz.

Bizkaia atzean utzita, Gipuzkoan da jada Korrika, eta herritarren babesa jasotzen jarraitzen du. Horren erakusle, hona hemen antolakuntzak emandako datu bat: 80.000 peto saldu dira dagoeneko. Ezin esan Korrika ilusio piztaile ez denik!