Izeta II.a izan da nagusi, bigarren urtez jarraian, Zarauzko Bi Harri lehiaketan
Aiar beteranoak iazko marka bera egin zuen, 25 jasoaldi lortuta, eta atzetik Jokin Eizmendi sailkatu zen. Izeta IV.ak osatu zuen aurtengo podiuma.

Iaz bezalaxe, aurten ere Izeta II.ak irabazi zuen Zarauzko Bi Harri Txapelketa. Lehiaketa berezia da hau; izan ere, txanda berean bi harri jaso behar izaten dituzte txandatuz, eta hori ez da ohikoa izaten. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatu zen neurketa hau, 200 ikusle ingururen aurrean.
Zazpi minutuko txanda bat izan zuten kirolariek, eta hor 117 kiloko Jai Txiki eta 121eko Mollarri harriak erabili behar izan zituzten, biak ere harri baldarrak. Aurrenekoa, errektangularraren itxurakoa, eta bestea, berriz, arrautzaren tankerakoa.
Izeta II.a zen egungo txapelduna, irabazteko faborito nagusia ere bai, eta ez zuen hutsik egin. Iazko marka bera egin zuen 25 aldiz harria bizkarrean berdinduta. Jasoaldi bat gehiago ematen ere saiatu zen, eta gertu ere izan zuen, baina ez zuen helburua lortu.
Jokin Eizmendi sailkatu zen haren atzetik. Zarauztarrak ere oso lan ona egin zuen, eta irabazlearengandik jasoaldi bakarrera geratu zen, harria 24 aldiz berdindu baitzuen bizkarrean. Podiuma Izeta IV.ak, irabazlearen semeak, osatu zuen, 22 jasoaldi lortuta. Podiuma iazko bera izan zen; aldaketa bakarra bigarren eta hirugarren postuen banaketa izan zen. Iaz Izeta IV.a izan zen bigarren eta Eizmendi hirugarren, baina aurten alderantziz gertatu da, Eizmendik aurre hartu baitio izetatarren artean gazteenari.
Iazko markekin alderatuta, orokorrean hobeak izan direla esan daiteke, eta amaieran Izeta II.ak esan zuen bezalaxe, hori normaltasunaren barruan sartu behar da; izan ere, harri baldarrak izanda, bigarren urterako kirolariek ere haien berri sakonagoa izaten dutelako. Laugarren Izeta III.a sailkatu zen 21 jasoaldirekin.
Bosgarren postuan sailkatu zen Joseba Ostolatza. Zestoarrak ere lan ona egin zuen, iazkoa hobetuta, eta aurten bere langa 19 jasoalditan jarri zuen. Atzetik, Ilarramendi oso gertu izan zuen, 18 aldiz berdindu baitzuen berak harria bizkar gainean.
Atzetik Eizagirre, Izeta I.a eta Peñagarikano sailkatu ziren, eta guztiek ala guztiek 16na jasoaldi lortu zituzten. Eizagirrek eta Peñagarikanok iaz baino bosna jasoaldi gehiago lortu zituzten, eta Izeta I.ak, berriz, aurten zuen bere aurreneko jarduna harri hauekin.
Azkena, eta sailkapena itxi zuena, Mielgo madrildarra izan zen. Espainiarra ez da Euskal Herrian askotan ikusteko aukera izaten, baina herenegun hemen izan zen, eta 15 jasoaldirekin azkena geratu baldin bazen ere, berak ere pozik eta gustura egoteko arrazoiak bazituen, iaz baino sei jasoaldi gehiago lortu baitzituen. Etorri aurretik berak bazekien ezusteren bat gertatzen ez bazen, azken lekuan geratu beharko zuela, baina iaztik asko hobetu du bere jarduna, eta horrek beretzat asko balio izan zuen.
Amaieran Izeta II.a gustura agertu zen Euskadi Irratiari egin zizkion adierazpenetan: «Txapelak irabazteak beti ematen du poz handia, eta etxean izanda are handiagoa. Uste dut orokorrean maila oso ona izan dela aurten, eta ia denek iazko marka ondu egin dute. Hori ere normala izaten da, horrelako harriekin», esan zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
