Alfontso DIEZ

«Deikundea», oso-osorik

Genaro Urrutia Olaran plentziarrak 1931n margotutako “Deikundea” jatorrizko bertsioan dago berriz ere, oso-osorik, 80 urtean «zentsuratuta» egon ostean: margolanaren azpialdeko “Agur Maria” idazkia pintura kapa lodiaz estali egin zuen norbaitek 1937an, tropa faxistak Bilbon sartu zirenean euskarazko edozein aztarna arriskutsua izan zitekeelakoan, eta orain obraren jabe Bizkaiko Foru Aldundiak berregin eta otoitza bistaratu egin du.

Bizkaiko Eleiz Museoan dagoen Urrutiaren “Deikundea”-ri «adierazpen askatasuna itzulita», gure iraganaren «lekukotasun esanguratsu bat, gure memoria historikoaren zati bat berreskuratu» dutela uste du Eleiz Museoak. Hain justu, prentsa adierazpenean jakitera eman duenez, datorren asteko Museoen Nazioarteko Egunaren testuinguruan prestatu dituen bisita gidatuetan nabarmenduko duen artelanetako bat izango da.

Olio-pintura handia da eta berezia oso: izan ere, Ama Birjina euskal usadioko arropez jantzita ageri da, buruko zapiarekin eta abarkekin; atean emakumezko aingerua agertzen zaio; eta etxea Bizkaiko baserri ingururen batean dagoela dirudi.