Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Royal Robbins mitikoaren «Misty Wall» bideari puntu gorria jarri diote

Joan den maiatzaren 27an izan zen, eta marra hori lehen aldiz era askean (7c+) igo dutenak Sasha DiGiulian eta Jon Cardwell estatubatuarrak izan dira. Bi eskalatzaileok sabaiaren aldaera erabili zuten.

Bi hilabete pasatxo dira Royal Robbins, Yosemiteko eskalatzaile historikoa, hil zela, eta “omenaldi” gisa Sasha DiGiulian eta Jon Cardwell-ek haren “Misty Wall” bideari puntu gorria jarri diote. Hamarkada asko pasatu dira Robbinsek eta Dick McCrackenek marra hori zabaldu zutela; hain zuzen ere, 1963. urtean sortu zuten.

Maiatzaren 27an, berriz, aipatutako bi eskalatzaile estatubatuarrek bideak dituen 15 luzeak 14 orduan eta lehen aldiz era askean (5.13a edo gure eskalan 7c+) igo zituzten. Gainera, protagonistok aldaera eder eta ikusgarri bat erabili dute; hots, marrak duen ageriko sabaia.

DiGiulianek onartu du sabai horrekin amets egin zuela: «Jakin banekien marraren giltza izango zela. Behin sabaian sartuta ohartu nintzen hura gainditzeko gai izango nintzela. Kalitate handiko granito horrek dituen estalaktiten formazioan hainbat dinamiko egin nituen. Oinak airean nituela egundoko amildegia sentitu nuen. Baina, azkenean, kateatu nuen».

Aipatu behar dugu bi protagonistok kirol eskaladan espezialista handiak direla, baina pixkaka hormatzarretan muturra sartzen ari direla. DiGiuliannen kasuan aipatu behar dugu Yosemiteko big-walletan lehen aldia zuela. Cardwellek, berriz, ez. Adibidez, “Misty Wall”-en behin baino gehiagotan izan da. Iaz, Marcus Garciarekin batera luzeak askatzea lortu zuen, baina egun bateko jardunean eta jarraian ez.

Aldaera

Robbinsen bideak, berez, ez dio aipatu dugun ageriko sabai horri jarraitzen, baina bi eskalatzaileontzat handik jarraitzea merezi zuen. Horretaz gain, offwidth eta splitter gogorrak gainditu behar izan zituzten.

DiGiulianek onartu du benetako lana beste kide batzuek egin dutela: «Jon, Marcus eta Ryan Sheridanek emaitza bikain hori lortzeko asko lagundu naute. Kateatze eguna baino astebete lehenago “Misty Wall”-en agertu nintzen, eta, azkenean, Jonek eta biok bide osoa egunean kateatzeko aukera izan dugu. Sabaian gogor borrokatu ginen, eta leher eginda amaitu. Baina argi dugu esfortzu horrek merezi izan duela».

Aurreratu dugu “Misty Wall” bidea Cardwellek ondo baino hobeto ezagutzen zuela, baina DiGiulianek ez. Alabaina, azken hau oso eraginkorra izan da; izan ere, marra hori kateatzeko soilik bi eguneko lanak behar izan ditu: «Zailtasun tekniko handiak ez ditu, baina erresistentzia handia eskatzen du».