Ariane KAMIO
DONOSTIA

Bizi bete sekretu

Planeta Saria jaso zuen Dolores Redondoren azken lana euskarara ekarri du orain Koro Navarrok. «Hori guztia emango dizut» orain arte argitaratu den trilogiatik at dagoen eleberri askea da, Galizian kokatua eta senide arteko harreman ezkutuetan oinarritua.

Amaia Salazar detektibeari atseden eman dio Dolores Redondok (Donostia, 1969) eta Baztango lurretatik alde egin du –momentuz behintzat, trilogia tetralogiara luzatzeko asmoa azaldu baitu– orain arte egindako lanarekin lotura narratiborik ez duen sorkuntza berri batean. 2016an Planeta Saria lortu zuen “Todo esto te daré” eleberriarekin eta orain Erein argitaletxeak, Koro Navarrok egindako itzulpenarekin, euskarara ekarri du.

Nobela matriarkalak egin izan ditu orain arte Dolores Redondok, hala adierazten du berak, bederen, bere trilogia ezagunekoak Baztanen girotuak eta bertako kultura, ohitura, folklore eta mitologiari batu zitzaizkionak. Hilketen eta haien arrastoen atzetik zebilen Amaia Salazar inspektorea.

Kasuan, hori guztia alboratu eta Galiziarako bidea hartu du idazle donostiarrak. Eta patriarkatuan murgildu da. «Aldaketa handia da, are trilogia batetik zatozenean. Egitura bera aldatzen da eta irakurleari konpromiso handiagoa eskatzen dio. Azal aldaketa bat da», nabarmendu zuen Redondok, atzo, prentsaren aurrean itzulpena aurkeztu zuenean. «Distantziak nabarmenak dira, matriarkatutik patriarkatura, polizia historia batetik ikerketa zibilera, familien arteko sekretuak...», argitu zuen.

Ribeira Sacraraino joan da, Baztanen bezala, konpromiso antzekoak mantentzen dituen lurraldera. Eta harreman homosexual bat jarri du erdian. Manuel eta Alvaro. Espoilerrik bota gabe, liburuaren hasieratik jakina den datua egin zuen publiko. Heriotza bat dago tartean, Alvarorena, eta horrek abiaraziko du ondorenean liburuan gordetzen diren sekretuen agertzea. Manuel idazlea da eta bakarrik dago etxean, Alvaro kanpoan baita laneko bidaia batean, ustez, Bartzelonan. Bi guardia zibilen bisita jasoko du etxean Manuelek, eta haiek emango die albiste txarra. Alvaro hil egin da, auto istripuz, Galizian.

Ezin sinetsita, Galiziarako bidea hartu beharko du eta senarragandik ezezagunak zituen alorrak agerian geratuko dira, bere familiarekin zuen ezkutuko harremana, kasu, ustez aspaldian etena zena bere homosexualitateagatik.

Muñiz de Davilatarren familiakoa zen Alvaro, nobleziakoa, eta horren harira, boteredunen eta boteregabeen arteko harremanean sakondu du Redondok. «Oraindik badira hainbat familia duten abizena izateagatik besteek baino botere eta eskubide gehiago dituztenak», ohartarazi zuen.

Hain zuzen, familia horren pribilegioek mantenduko dute Manuel Galizian, nahiz eta bere asmoa handik alde egitea izango den. Nogueira polizia erretiratu berriak nahikoa argudio emango dizkio bertan geratzeko. Gainera, Alvarorena, istripu gisa mozorrotu den lehenengo heriotza ez den susmoa agerian geratuko da.

Galiziako egonaldi horretan ikerketa zibila abiatuko da bere bikotekidearen heriotza eragin zuten benetako arrazoiak zeintzuk izan ziren argitze aldera. Bidean, Lucas, Alvaroren txikitako laguna izandako apaiza, gehituko zaie Manuel eta Nogueirari.

Kontakizunean, Dolores Redondok ez die hainbesteko atentziorik jarri Galiziako mitologiako elementuei, meiga delako sorginei, esaterako, eta folklore lurtarragoa aztertu nahi izan du. «Harrigarria da nola folklorea tradizio katolikoarekin bateratu den. Gaur arratsaldean bertan, edozein tenplutan, meza eman ondoren, apaizak begizkoa kenduko dio eskatzen dionari. Hori Galizian gertatzen da, baita Portugalen eta Italiako leku batzuetan ere».

Jatorrizko alea pasa den azaroaren 3an argitaratu zenetik hamabi edizio publikatu dira dagoeneko. Dolores Redondo aski ezaguna da nazioartean Amaia Salazarrekin egindako trilogiarekin; 40 hizkuntzatara itzulia izan da lana azken urteetan.. Nolanahi ere, nazioarteko hainbat argitaletxek uko egin diote sorkuntza berri hau argitaratzeari, nobelaren oinarrian harreman homosexual bat dagoelako. «Editoreei lana gustatu zaie, baina ez dira eleberria kaleratzera ausartzen. Ezezkoa eman digute dagoeneko Errusian, Turkian eta Egipton, adibidez».