Mikel ZUBIMENDI
DonostiA
Elkarrizketa
JOSEBA GABILONDO
MICHIGANEKO UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA, PENTSALARIA ETA SAIOGILEA

«Euskal politika gehien definitzen duena bere irrazionaltasuna da»

Urretxun (1963) jaioa eta Errenterian hazia, 24 urterekin jo zuen Ameriketako Estatu Batuetara. 30 urte daramatza bertan eta ez du itzultzeko asmorik. Distantzia horretatik, baina, begirada zorrotza eta obra emankorra eskaini dizkio Euskal Herriari.

Urtero, edo bi urtean behin, Euskal Herrira egiten duen bisitan harrapatu dugu Joseba Gabilondo. Donostiako Tabakaleran egin dugu hitzordua, kafe kikara eder baten bueltan luze-zabal jarduteko. Goizean bere azken liburua aurkeztu berri du (“Populismoaz, subiranotasun globala eta euskal independentzia”, Txalaparta). Ez zaio, hala ere, nekerik sumatzen. Suelto mintzo da, jakintza pila ederra buruko ganbaran pilatuta, txupinazoak bata bestearen atzetik botaz.

Gozagarria da kazetarientzat Gabilondo bezalakoekin aritzea. Hamarnaka izenburu uzten ditu, distantziaren perspektibak ematen duen askatasunetik aritzen den euskaldun hau definitzea ez da erraza, ordea. AEBetan bizi da, Michiganen, bertako estatu unibertsitatean irakasle baita. Euskal literaturaz ingelesez idatzi den lehen obraren egilea da, pentsalaria, idazlea, saiogile aparta. Bere obran apur bat arakatuta, galderak eta elkarrizketa josteko hariak topatzea ez da batere zaila.

Denok bizi gara populismoan

Gurasoak bergararrak ditu Gabilondok, eta, bere etxean Telesforo Monzonen historia sarri presente izan dela aipatu digunez, ziplo bota diogu galdera: nola esplikatu Bergarako abertzale monzondar bati, berak dioen bezala, «irteera edo bide bakarra euskal burujabetza populista» dela? «Oso sinple esanda, ezkerrak batez ere, eskuinak baino gehiago bai behintzat, sinetsi du politika egiteko bidea alderdia dela, beti izan du abangoardiaren zentzu bat. Bestalde, azken 50-60 urteotan, Europako ezkerraren iruditerian Ongizatearen Estatua izan da zeruertza. Bi aurresuposizio handi horiek desagertu egin dira, eta, horrek, gainera, Euskal Herrian zehaztasun handiagoa du. 68an formulatu zen politika baten errentetatik bizi izan gara, euskal subjektu politikoa langilea eta euskalduna zela, euskalduna zentzu baskoan, eta hortik nazio bat eraikiko genuela uste izan dugu. Bada, hori ere desagertu egin da. Berriki esan du Otegik: ‘eredua Danimarka da’. Ez da. Danimarkari azaleko itxura on hori harraskatu eta askoz ere errealitate tristeago, gatazkatiago eta ez hain demokratikoa azaltzen da».

Ongi landua du ideia: «Egungo aldaketa politiko nagusienak, eskuarki, alderdien kontroletik kanpo gertatzen dira. Bestalde, geroa okerragoa izango dela badaki jendeak, ez goazela gizarte hobe baterantz. Zeruertza, gaur, prekarizazioa da. Hor sortzen da politika populista. Populismoa irrazionala da, ez da aukera politikoa, egungo politikaren kondizioa da. Denok bizi gara populismoan. Ezkerrak geroa izango du populista bihurtzen bada».

Elitea eta subalternitatea

Eta abertzaletasun monzondarra buruan duen pertsona berari, nola esplikatu abertzaletasuna arrakastatsua izango bada, «postnazionala» behar duela izan ezinbestean? «Errentetatik bizi izan gara. Pentsatu Oteiza batean, adibidez, 63an bere ‘Quousque Tandem…!’ sonatuan zioen euskalduna neolitikoan sortzen zela, subjektu politiko bezala neolitikoan askatzen dituztela beren buruak euskaldunok; jada nazio askatua ginela. Horretatik, edo Txillardegiren planteamendu batzuetatik, bizi izan gara orain artean».

«Eta gaur egunean zer daukagu?» –galdetu du ozen–. «Euskara gutxiengo hizkuntza da Euskal Herrian. Zer egiten duzu gazteleraz hazi eta gazteleraz zanpatuta bizi den jendearekin? Tradizio horiek euskal proiektuaren barnean sartu behar ditugu edo gurea euskaraz hitz egiten duen nazioa dela esanez ezabatu? Galderok ez daukate erantzun errazik, baina erantzun demokratikoek eskatzen dute jende horren historiak, gazteleraz idatzitako zapalkuntza baten historiak, errespetatu eta barneratzea. Eta hori egiten baduzu, beste zeruertz desberdin batean zaude».

«Jakina –jarraitu du–, hori onartzen duzun unetik Estatuaren indarra eta diglosia onartzen duzu, eta hori, nolabait esateko, zaldi troiar bat ere bilaka daiteke, euskara desagerraraz dezakeena. Etorkin hauen guztien historia eta tradizioa ezin dira ezabatu, ezin dira enoratu eta gure proiektu nazionaletik kanporatu. Zentzu kontzeptual probokatzaile batean jarrita, etorkin hauen gaztelera euskalki bat da. Horrek aniztasun batera zaramatza, pentsatu beharrekoa. Ez gara neolitikotik gatozen herri bateratu, homogeneo bateko leinua».

Gabilondorentzat Euskal Herria ez du bere esentziak definitzen. «Euskaldun txintxoak, anai-arrebak... historia hori ezin da berriz kontatu. Ez dugu historia bat, gutxienez bi kontatu behar dira: elitearena eta subalternitateena. Esentzietatik harago, definitzen gaituena, bortizkeria sozial eta politikoa da».

Abertzaletasunari uko? Ez

Egun euskal pentsamenduaren ahots batzuek diote abertzaletasunari uko egin behar zaiola. Horren inguruan hausnarketa bat eskatu diogu: «Globalizazioan zerbaiti oratu behar diozu nahitaez, eta, are, harrotasun existentzial batekin eutsi eta estutu. Postnazionalismoa ez da nazioari, abertzaletasunari uko egitea. Aitzitik, abertzaletasun konplexuago bat behar dugu, adibidez Jon Maiak bere azken liburuan marrazten duen esperientzia barnera dezakeen abertzaletasuna. Bai, afektibitateak, sentimenduek sekula baino garrantzi handiagoa dute, eta, beraz, euskaldun izatearen harrotasun hori erabili behar dugu».

Partikulartasunetik abiatzen ez den unibertsalismoa salatzen du. «Denok daukagu dimentsio etniko-nazionalista bat, ekidin ezin duguna. Nire erronka, baina, beste bat da: nola bateratu Euskal Herrian dauden tradizio ezberdinak, izan Cacereskoa edo Atlas mendietako bereberra, batak bestea zapaldu gabe».

Bestalde, normalizazioarekiko obsesioa kezkaz ikusten du Gabilondok: «Ondorio okerrak ditu: kastrazioa, turismoa, neoliberalismoa... Ez da lehen aldia. Karlistaldiak amaitzean oso fenomeno berezia sortu zen. Oso pobreak ginen, hizkuntza exotikoa genuen, inork ulertzen ez zuena, eta kosta eta hondartzak. Burgesia espainolak eta frantsesak, are ingelesak ere, subjektu exotikoa topatzen du gurean, Afrikako subjektu koloniala bezain exotiko eta gatazkatia baina bertako arriskurik gabe. Euskal Herria burgesia horien fetix postkoloniala bihurtzen da. Ez da ahaztu behar hondartza eta kasinoak batzen dituen lehenengoetako turismoa Euskal Herrian ematen dela, Biarritzen. Bigarren kapitulu bat ikusten ari gara egun. Turismoa orain globala da eta saltzen ari da oso euskaldun txintxo, baketsu baten irudia. Daukagun borroka inportanteenetarikoa hori da».

Azurmendi eta Atxaga

Saiakera, bertsolaritzarekin batera, euskal literaturaren «azken bost urteotako generorik emankorrena, interesanteena eta garrantzitsuena» dela dio. «68ko errentetatik bizi ginelako eta behar bat sortu delako hori gainditzeko, nazionalismoa azken helmugara heldu delako». Euskal pentsalari batzuei enfant terrible-aren sindromeak jotako inpertinente kuadrilla izatea egozten dietenen aurrean, zera dio: «Gramscik esaten zuen intelektualaren funtzioa ordena mantentzea zela, polizien alderdi letratua zela. Bere horretan, baina, intelektualaren funtzioa ez da besterik gabe zarata ateratzea edo saltsa sortzea».

Bi izen aipatu ditu elkarrizketan: Joxe Azurmendi eta Bernardo Atxaga. «Azurmendi urte luzeetan aritu da bakar-bakarrik, euskaraz idatzitako diskurtso intelektual benetan sendoa landuz. Iluntasun betean argia izan da. Kontuan hartu sasoi horretan Juaristi, Savater, Antonio Elorza... zirela diskurtsoa mantentzen zutenak. Nahi baduzu ‘baina’ bat, ‘baina’ hori ere botako dizut: ez du lortu 68tik datorren diskurtsoa eraldatzea, lortu du diskurtso horrek irautea».

Atxagarekiko oso kritikoa da, morrontza baten ardura egozten dio. «Nirea ez da kalumnia, oso kritika zehatza da, teorikoki artikulatua. Euskal Herritik ateraz gero, euskal literaturaz dakien edonork ezagutzen duena Atxaga da, berak ordezkatzen gaitu globalki. Atxagaren erroan den literaturaren egitura komuna da gatazkati eta irrazional diren exotikoak garela, gero bera azal dadin irrazionaltasun horren aurrean adierazle baketsuen, zibilizatuen adierazle gisa. Ikusi dut nola irakasten den Atxaga atzerrian, ze ondorio dituen. Niretzat Kirmen Uribek segida ematen dio horri».