GARA
BILBO

CELen kaleratzerik ez dezala onar eskatu diote Aldundiari

CEL papergintza enpresako langileek Bizkaiko Foru Aldundiari eta Lakuako Gobernuari 254 langiletik 230 kaleratzea aurreikusten duen planaren aurka egiteko eskatu zioten atzo aldundiaren egoitza aurrean.

CEL taldeko langileek erakundeei enpresako zuzendaritzak 230 langile kaleratzeko aurkeztutako erregulazio espedientea ukatzeko eskatu zieten atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren kanpoaldean egindako elkarretaratzean. Zuzendaritzak luzatutako proposamenarekin Artziniegako 24 langilek soilik mantenduko lukete lanpostua eta, aldiz, Bizkaiko hiru plantek, Zallako biek eta Gueñesekoak itxi egin beharko lukete.

Asier Prado Arangureneko enpresa batzordeko presidenteak erakundeei inbertitzaile berriekin hitz egiteko eskatu zien: «Enpresa batzordearen hasierako helburua enpleguen ehuneko ehunari eustea da eta ez dugu helburu hau alboratuko». Halaber, Bizkaiko Foru Aldundia enpresako makinen jabea dela gogorarazi zuten.