Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Sagues

Zer behar du euskal talde batek Donostiako egitarau ofizialeko oholtza nagusian jotzeko? Misterioa zirudien, misterio sakon eta iluna, misterio misteriotsua. Aurtengo programazioa errepasatuta, ordea, ondorio batzuk atera daitezke. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da telebistan agertu izana, proportzionalki igoko dira telebistan agertutako tarteak eta Saguesen jotzeko aukerak. Ikusita zenbatetan agertzen den euskal talde bat telebistan (ETBren jarraipen “arduratsua” barne), eta beste guztietan maiz agertzen diren taldeak, esango didazue...

Bestalde, gaztelaniaz kantu batzuk kantatzeak izugarri bultzatuko luke, musikari lagun, oholtza kilometrikora igotzeko aukerak. Kontsolaziorako tartea baino ez dago, euskaraz ari den talderen batentzat. Alabamako unibertsitatearen 1965eko promozioan sartu zuten ikasle beltza bezala... itsusia geratzen da bestela... baten bat sartu behar! Ziurrenik, prentsaurrekoan, politikariren batek euskararen eta euskal kulturaren presentzia goraipatu du. Horrekin batera, cañi ukitu batek puntu asko igotzen ditu; hartu piperpotoa jarri paparrean eta kantatu Eurovisionen, ikusiko duzu. Joko duzu seguru!! Horri lotzen badiogu bizirik irauteko gaitasuna, zenbat eta pleistozenotik hurbilago egon, hobeto.

Baina, azpimarragarriena hauxe da, antolatzaileen sormen faltaren tamaina berekoa dela programan agertzen diren talde gehienena. Beraz, utzi ideia berritzaile eta freskoak beste baterako edo bestela ez dizute ezta ikusle bezala ere joaten utziko.