GARA
IRUÑEA

Aroztegiaren sustatzaileek Baztango Udala salatu dute berriro ere

Palacio de Aroztegiak Baztango Udalaren aurkako «jazarpen judizialean bertze pauso bat» eman duela azaldu dute EH Bildu eta Ezkerrako zinegotziek. Udalaren autonomia defendatu dute.

Palacio de Aroztegiak berriz jo du Baztango Udalaren kontra. Oraingoan Tokiko Gobernu Batzordea osatzen duten EH Bildu eta Ezkerrako bost hautetsiak salatu ditu, «prebarikazioagatik eta diru-publikoaren erabilera makurragatik». Ekainaren hasieran Aroztegiako Komantxeei hirigintza proiektuaren aurkako kanpaldia egiteko Elizondoko plaza uztea eta horretarako argia ematea leporatzen die.

Iruñean atzo bi alderdietako parlamentariekin batera eman zuten prentsaurrekoan, koalizio independentistako eta Ezkerrako zinegotziek argitu zuten herritar ororen esku jartzen dituztela espazio eta plaza publikoak, bereizkeriarik gabe.

«Baztango ordezkari instituzionalen aurka abiatu duten jazarpenaren» barrenean kokatu zuten salaketa. Oroitu zuten hasteko Garbiñe Elizegi alkate ohiaren aurka jo zutela «pelotazo urbanistiko» errateagatik eta, ondotik, gaur egungo alkate Joseba Otondoren eta Elizegiren kontra prebarikazio salaketa jarri zutela.

Botere ekonomikotik aske

Baztango bost hautetsiek ohartarazi zuten «beren interes ekonomikoetarat makurtzen diren ordezkariak eta instituzioak» nahi dituela Palacio de Aroztegiak. «Baina baztandarrak eta, bistan denez, gu, botere ekonomikoetatik independenteak gara [...]. Instituzio publikoek herritarrek emandako legitimitate demokratikoa izan behar dute oinarri», aldarrikatu zuten. Ildo beretik, Udalaren autonomia sutsuki defendatu zuten, kasu honetan herriko espazio publikoen erabilera baimentzeko.

Palacio de Aroztegiako sustatzaileek afera honetan Baztango erakundeen gainetik pasatu nahi dutela azaldu zuten. Baina eurei zuzenduz, garbi utzi zuten «botere ekonomikoak ez dituela herritarren ordezkariak diren hautetsiak menpean hartzen ahal».

«Akaso Palacio de Aroztegiak eman behar al du baztandarrek plaza erabiltzeko baimena? Akaso Palacio de Aroztegiak plazan musika izateko argiaren erabilera arautuko du?».

Udalaren autonomiaren eta hirigintza eskumenen alde, eta herritarren behar eta adierazpenetarako espazio eta plaza irekien alde jarraituko dutela berretsiz amaitu zuten agerraldia. Hain zuzen ere, «horregatik salatu gaituzte».