J.L.
Urrezko aizkora

Julen Alberdik bigarren enborretik mendean izan du Juanjo Lopez

Julen Alberdik ez zuen barkatu, eta Juanjo Lopez mendean hartu zuen atzo jokatu zen Urrezko Aizkorako Kopan. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta sei 60 ontzako ebaki behar izan zituen.

Berdintasuna aurreneko enborrean egon zen, hori biek batera bota baitzuten, baina gero apurka-apurka azkoitiarra aldea ateratzen hasi zen, nahiz eta ezin izan zion inoiz ikaragarrizko zulorik egin. Lan erdietarako abantaila lortua zeukan Alberdik, eta tarte horretan 39 segundo zituen bere alde. Ordura arte, ordea, lau 45 ontzako eta kana-erdiko bakarra zeukan ebakita, eta geratzen ziren guztiak kana-erdikoak ziren. Agian norbaitek hor izan zitzakeen zalantzak, baina Alberdik berehala zapuztu zituen horiek denak.

Kana-erdikoetan zuen aldeari eutsi eta apur bat handitu egin zuen, eta azkenean, lan guztiak 22 minutu eta 40 segundoan burutu zituen. 23 minutu eta 18 segundo behar izan zituen, berriz, Juanjo Lopezek. Ondorioz, Alberdik aurrera egingo du, eta nafarra kanpoan geratuko da.