2017/10/25

BAM!: Baiona, Angelu eta Miarritzen euskara erabili eta entzunarazteko ekimena

Azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean, Baiona, Angelu eta Miarritzen «450 euskal hiztun ahalduntzeko desafio kolektiboa» da BAM! Parte hartzaileak bi taldetan banatuko dituzte, «ahobiziak» eta «belarriprestak».

Haritz LARRAÑAGA|BAIONA
1025_eh_bam

Astebetez Lapurdiko hiriburuan, zein inguruetan, euskararen presentzia «ikusgarriago izan dadin», BAM! dinamika jarri du martxan herritar talde batek. Hego Euskal Herriko zenbait esperientzia eta euskararen erabileraren inkesta soziolinguistikoetako emaitzak oinarri hartuta, desafio kolektibo bat abiatu dute: «Baietz 450 euskal hiztun mobilizatu!».

Erronka honi erantzuteko «kolektiboaren zeregina da hiztunak ikusarazteko bitartekoak eskaintzea», azaldu zuen Bea Salaberrik Baionan atzo egin zuten agerraldian. Azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitarteko astean, Baiona, Angelu eta Miarritzen bizi edo lan egiten duten euskal hiztunen presentzia handitzeko ekimena antolatu dute.

 

«Ahobizi» edo «belarriprest»

Parte hartzaile bakoitzak egin beharko duen lehendabiziko gauza formulario bat betetzea izango da. Lurrama bezalako ekitaldi jendetsuetan, esaterako, inprimakia zuzenean betetzeko aukera izango da, baina Internet bidez ere eman daiteke izena, bam.euskaraz@gmail.com helbidera mezu bat igorrita.

Bigarren urratsa euskara mailaren arabera profila hautatzea da. Bi profil bereizten dira, “ahobiziak” eta “belarriprestak”. «Ahobiziak, euskaraz jakin eta euskaraz bizi nahi dutenak dira, ostera, belarriprestek euskara ulertzen dute, baina ez dira edozein egoeratan mintzatzeko gai», adierazi zuen Salaberrik.

Lehen multzokoek, aho bat marraztua duen kolore laranjako txapa bereizgarri bat eraman beharko dute soinean, eta, bigarrenek, belarri bat marraztua duen txapa urdin bat. Horrela, parte hartzaileak identifikatu eta haien euskara maila zein den jakin ahal izango da. Kide bakoitzak, gainera, hamalau desafio hautatu eta formakuntza saio labur bat egin beharko du.

Garatuz joan den ideia

Egitasmoa nola sortu zen kontatu zuen Salaberrik: «Inkesta baten arabera, 9.000 euskal hiztun daude Baiona, Angelu eta Miarritze artean, eta 6.800 lagunek euskara ulertzen dute. Ondorioz, jende bat elkartzen hasi ginen 15.800 pertsona horiek nola mobilizatu erabakitzeko».

«Hego Euskal Herrian antzeko esperientzia anitz izan dira, eta guztiek irakurketa positiboa egiten zuten, beraz, ideia handik hartu dugu. Eta halako ekimen bat egiteko munduko eremu zailena izan arren, ezarritako erronka gainditzera goaz», iragarri zuen Salaberrik umoretsu.

HASIERA INDARTSUA


Ekimena abiatu eta hamabi egunera, jada 118 lagunek emana zuten BAM! egitasmoan parte hartzeko izena. Horietatik %86 euskal hiztunak ziren, eta %44 baionarrak. Gehienek 25 eta 44 urte artean dituzte.