GARA
IRUÑEA

Nafarroako eragile sozial, politiko eta sindikalak AHTren aurka

Eragile sindikal, politiko eta sozialek, tartean ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, EH Bildu, Izquierda-Ezkerra, Sustrai Erakuntza, eta AHT gelditu! Elkarlanak “AHTrik ez, trenaren alde” ekimena aurkeztu zuten atzo. «Uste dugu tamaina honetako obra eraikitzeak benetako gizarte eztabaida behar duela eta momentuz ez du izan; era berean, uste dugu Nafarroako Gobernuak Madrilgo inposaketen aurrean, Nafarroako biztanleek gai honen inguruan hartuko duten iritzia defendatu behar duela», azaldu zuten ohar batean, eta hurrengo larunbatean, azaroaren 11n, 17.00etan Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuko den manifestazioa iragarri zuten.

«AHT egitea ez da beharrezkoa gutxiengo batek Madrilerako edo Bartzelonarako bidaian minutu batzuk aurrera ditzan; are gutxiago, jakinda lotura horiek jada existitzen direla. Aldiz, Nafarroako eskualdeak modu eraginkor eta merkean lotuko dituen trena lehentasunezko gaia dela uste dugu. Izan dadila auto pribatuaren erabilera gutxika desagertzera eramango duen zerbitzu publiko eta soziala, betiere aldaketa klimatikoa eta petrolioaren agortzea testuinguru izanik», nabarmendu zuten “AHTrik ez, trenaren alde” ekimenaren bultzatzaileek.