Jordi Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zaharra eta berria buruz buru

Atzo arratsaldean izan zen. Atzo egin nuen. Europako mapamundia izkinako zakarrontzi urdinera bota egin ere; birziklatu egin daitekeelakoan, mapamundi berria egiteko balio dezakeelakoan, ortzadarreko kolore berriekin. Bai, ontzira bota, den-dena dinamikoa delako, mapak barne, biziak badira sikiera, eta horrela ez bada museora!

Halakoxeak dira krisiak, berrikuntzarako espazio eta denbora berrien sortzaile. Hortaz, krisiek dakartena sakon ulertuko bagenu, ez genuke gero «zaharra berri» proposatuko irtenbide modura. Fisikari ezagunak zioenez, «arazo bat ezin da konpondu arazoa bera sortu duen pentsaera beretik». Eta GAUR8k dioena, «begiratzeko modua aldatzeak aldatu dezake mundua». Inoiz ez bezalako balioa duten esaerak.

Pirinioetako bazter horretan dena da gaur berria izaten hasia, benetako berria izateak dakarren erronkarekin, non bertigoa, bidegurutzeak eta zalantzak bidaide diren, horrek bideari ematen dion bizitasun bizigarriarekin. Bihotza bero eta burua hotz, norabide argiak gidatzen du bidea, errebueltak eta guzti, itsasargi. Zulo beltz berri polita, Europako unibertso berri-bidean. Hamarkada urte ziren kontinente zaharrean mugimendu sakonak gertatzen ez zirela, baina 68ko maiatz hartako hormetan idatzia gogoan: Irudimena agintari! Bazen garaia kontinente zaharra bera berritzen hastekoa!

Trenen talka gertatua da, adituek esana, asko arituak izan ez badira ere. Nik ez dut inoiz halakorik ikusi. Trenbideak ez dira berdinak izan, abiadurak ere ez; geltoki ezberdinak batean eta bestean, bai eta bidaiariak ere; norabide diferenteak; eta tren-sistema desberdinak, bestelako ibilbide-mapetan. Non da talka elkar urruntzen doazen trenetan? Katalunian amaitu da lehen esaten zen hura: zaharra ez da inoiz joaten amaitzen, ez eta berria ailegatzen hasten ere. Bada, berria hor da, bidea egiten hasia. Ongi joan!