Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Pou anaiek, Perutik, uzta oparoa ekarri dute

«4 Elementuak» xedearen bigarren etapan, Gasteizko eskalatzaileek, besteak beste, «Zerain» izeneko bidea (8a, 860 m) zabaldu eta «Qui Io Vado Ancora» marrari (7c+/8a) puntu gorria jarri zioten. Pou anaiekin batera Manu Poncek eta Pedro Galanek jardun dute.

Iker eta Eneko Pou anaien «Lau Elementuak» izeneko helburuaren bigarren etapa Perun izan da. Proiektuaren bigarren elementua ura zen, eta haren “bila” Amazonas oihanera joan ziren. Helburu nagusia lortzeko aukerarik ez zuten izan, baina “Yaku mama” bidea (7a+, 185 m) sortu zuten.

Bigarren elementu hori behin lortuta, eskalatzaileok Andeetara egin zuten salto. Eta Rurec haranean (Cordillera Blanca) azpimarratzeko bi jarduera egin zituzten. Alde batetik, “Qui Io Vado Ancora” bideari (7c+/8a, 575 m) puntu gorria jarri zioten. Eta bestetik, “Zerain” marra sortu zuten: 8a, 860 m.

Horiek dira, beraz, Pou anaiek iragan udan Perun eginiko lanaren emaitzak. Hori horrela esanda, hankamotz geratuko litzateke; izan ere, poutarrek egiten dituzten espedizio ia gehienetan ez bezala, azken honetan Manu Ponce eta Pedro Galan sokakide izan dituzte.

Hain zuzen ere, nolabait esateko, Ponce izan da Iker eta Eneko anaiek Perun egitekoak ziren espedizioaren “bultzatzailea”: «Asmo handi asko bezala, bigarren etapa honen xedea ere ia txiripaz sortu zen. Patagonian egin genuen azken espedizioan Manu ezagutu genuen. Amazonas oihaneko horma baten argazki bat erakutsi zigun; han bide bat zabaldu nahi zuen. Helburuarekin bat egin genuen, eta joan den udarako xede bezala hartu genuen. Gainera, laugarren kide bat batu zen: Pedro. Nahiz eta gure bi kideak ezagutzen genituen, ez dugu haiekin asko eskalatu, baina argi genuen eskalatzaile finak zirela».

Laukotearen helburua Gocta izeneko ur-jauzian dagoen horma zen. Poutarrek adierazi dutenez, argazkian ikusitakoak zalantzak sortu zituen; batez ere, paretaren azpian dagoen arrokaren kalitateak nahiko kaskarra zirudielako.

Oihan tropikal batean jardun behar zuten. Eta, espero zuten bezala, hurbilketa bidea ez zen batere erosoa izan. Hala eta guztiz ere, ur-jauziaren oinarrira heldu zirenean, ahoa bete hortz geratu ziren: «Izugarri handi zein ederra da: bi ur-jauziak lotuta 740 metro ateratzen dira. Baina, zoritxarrez, lehen ur-jauzia, behealdekoa, ez zen eskalatzeko batere aproposa; are gehiago esango genuke, hura eskalatzea ezinezkoa da. Bigarrenera joatea erabaki genuen. Hau motzagoa da; ez da 200 metrora heltzen. Baina ederra da oso. Eta, gainera, arrokaren kalitatea hobea da».

Uztailaren 3an, hirukoteak bigarren ur-jauzi horren paretan sartu eta “Yaku mama” bidea sortu zuen. Hareharrizko horma horretan 185 metro eta gehienez 7a+ zailtasunak gainditu behar izan zituzten.

Nahiz eta helburu nagusia ez lortu, protagonistok bigarren etaparen “elementua” lortu zuten: “Yaku mama” (ama ura).

Aurrean egun gehiago zituztenez, etxera itzuli ordez, laukotea Huarazera joan zen. Eta handik Rurec haranera. Beraz, oihan tropikaletik Andeetara egin zuten salto.

4.200 metroko garaieran jarri zuten kanpaleku nagusia. Eta lehendabiziko helburua “Qui Io Vado Ancora” (7b+/A2) izan zuten. Marra hori, hamar urte lehenago, Italiako Ragni di Lecco talde ezaguneko hainbat kidek zabaldu zuten: Simone Pedeferri, Fabio Palma eta Andrea Pavanek. Sortu bai, baina, denbora faltagatik, ez zuten aukerarik izan bide osoa era askean eskalatzeko.

Italiarrok zein bidea errepikatu zuten Santiago Scavolini eta Anibal Maturano argentinarrek esan zuten artifizialeko sekzio horiek 8a ingurukoak zirela. Beraz, lerrootako protagonistak aipatutako korapiloa askatzera abiatu ziren: «Kalitate handiko bide zail bat da. Gainera, marra hori sortu zuten estiloa azpimarratzekoa da. Bi eguneko jarduera izan zen: uztailaren 11 eta 12a. Azkenean, ‘Qui Io Vado Ancora’-ri puntu gorria jarri genion. Eta luze guztiak bistan eskalatu genituen».

Gocta ur-jauziaren hareharritik granitora pasatu ziren. Eskaladaren lehen egunean, 12 luze gainditu zituzten. Den-dena plakak ziren.

Poutarrek adierazi dutenez, lehenengo egun hori gogorra izan zen oso: «Bidaia luzea izateaz gain, ingurune arras ezberdin batean jardun genuen. Gainera, goi mendian eskalatzeko arropa eta tresneriarik ez genuen; eta horrek eragin zuzena izan zuen gure lanean. Hori guztia gutxi balitz bezala, osasun arazoak izan genituen: urdailekoa, sukarra... Lehen gaua hotza izan zen, batez ere Iker eta biontzat; izan ere, lo-zaku finak eraman genituen. Biharamuna okerragoa izan zen. Bidea amaitzeko lau luze falta ziren; lau luze horiek oso ospelak ziren. Ikerrek A2-ko korapiloa askatu zuen. Marraren giltza zen, eta 7c+/8a bezala utzi dugu. Helburua bete ondoren, Chaupi Huanca mendiaren (5.179 m) gailurrera joatea besterik ez zitzaigun falta. Baina hodei beltz batzuk agertu eta bidea rapelatzea erabaki genuen. Jaitsiera gogorra izan zen, elur-bisutsez inguratuta. Hala eta guztiz ere, pozarren gaude eginiko lanarekin; besteak beste, 4.200 eta 4.800 metro artean eskalatzea ez baita batere samurra».

Eta hirugarrena

Indarrak berreskuratzeko, eskalatzaileok Huarazera itzuli eta hiru eguneko atsedenaldia hartu zuten. Oraindik ez zuten etxera itzultzeko asmorik: «Italiarren bidea eskalatzen ari ginela, ondoan zegoen orratz batek atentzioa eman zigun. Garaiera antzekoa izango zuen, eta, antza denez, igo gabe zegoen. Nahiz eta nahiko ahul geunden, bidaiaren azken astea aprobetxatu eta orratz horretan bide bat sortzen saiatzea erabaki genuen. Azpitik hasita, gainera».

Eskaladaren lehen egunean 300 metro berri eskalatu zituzten. “Dollar” izeneko erlaitz batera heldu eta bibaka antolatu zuten. Ez zuten batere argi ikusten helburuarekin jarraitzea; besteak beste, osasun arazoak ugaritzen ari zirelako eta Galan bi egun paretan pasatu ondoren erretiratu zelako.

Hirugarren egunean, beraz, Pou anaiek eta Poncek jarraitu zuten: «Kapsula estiloan igo genuen; horrek, bederen, lagundu zigun. Egun horretan Ikerrek eta biok hainbat luze zabaldu genituen. Bidea gero eta gogorragoa bilakatzen ari zen. Biharamunean, nik atseden hartu nuen, eta Iker eta Manu lanean jardun ziren. 8a inguruko luze bat zabaldu genuen, baina, denbora faltagatik, ezinezkoa izan zen era askean igotzea. Bidearen giltza zen».

Hortik aurrera, eskalatzaileok beste lau luze zabaldu zituzten. Ia indarrik gabe eta oso ahul, hirukoteak bide berria amaitzea lortu zuen. 860 metro luze den marra berriari “Zerain” deitu diote. Hots, protagonistok Nanga Parbateko Mazeno ertzean zendutako Alberto Zerain kideari omenaldia egin diote.

Bidea zabaldu bai baina, eskalatzaileok adierazi dutenez, ezin izan dute “Zerain” guztiz askatu: «Hiru luze askatu gabe edo zintzilik utzi ditugu. Alabaina, pozarren gaude ‘4 Elementuak’ xedearen bigarren etapa honetan lortutako emaitzarekin. Batez ere, eskalatu eta zabaldu ditugun bideen kalitateagatik eta kantitateagatik».