Filmatu eta hogei urtera ikusi du argia «Los resucitados»-ek
1995. urtean, fantasia eta beldurrezko generoko izen handiak bildu zituen Arturo de Bobadillak «Los resucitados» filmean, tartean Paul Naschy eta Antonio Mayans, baina baita orduan «promesa gazteak» ziren Santiago Segura, Manuel Tafalle eta Zoe Berriatua ere. Filmatu eta bi hamarkadara, bikoizketa berriarekin ikusi du argia «Los resucitados» filmak.
1995. urtean, Alex de la Iglesiaren “El dia de la bestia” filma ekoizten ari zirela abiatu zuen Arturo de Bobadillak “Los resucitados” proiektua. Fantasiazko eta beldurrezko generoan izen handia zuten hainbat aktore erakarri zituen Bobadillak filmera, tartean Paul Naschy eta Antonio Mayans, baina baita orduan generoko «promesa gazte» gisa hartuak ziren Santiago Segura, Manuel Tafalle (Alex de la Iglesiasen antzezle fetitxea) eta Zoe Berriatua ere.
Mila eta bat arazo eta buruhausteren ostean –bikoizketa desegokiak, berreskura ezin zitezkeen filmaketak...– aurtengo urrian estreinatu zuen filma Bobadillak eta, gaur, Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astean emango da, 16.30ean Antzoki Zaharrean. Proiekzio berean beste film «sorpresa» bat ere emango dela iragarri dute antolatzaileek.
Bobadillak azaldu zuenez, filmak 1602. urtera egiten du atzera. Juana de Arco-ren ezpataren ordenako zaldunak garaituak izan ostean, euren etsai nagusi den Ibiltaria zaldunen ordenaren gidari Molina jeneralaz jabetu da. Giro horretan, belaunaldiz belaunaldi kristautasunaren alde borrokan aritu direnak batu egingo dira «krimenik bortitzena saihesteko: Jainkoaren erreinuaren erorialdia Lurrean. Deabruak, ordea, ez dizkie gauzak erraz jarriko... Altxatzen hasiak dira hildakoak», azaldu zuen Bobadillak.
Filma bikoizketa berriarekin datorrela ere nabarmendu zuen. Jatorrizko antzezle nagusien ahotsak baditu, baina 2009an zendutako Naschyri ahotsa jartzen Hector Cantolla aritu da eta beste zenbait «ohorezko kolaboratzaileren» ahotsak ere entzun ahalko dira: Lone Fleming eta Sandra Alberti antzezleenak hain zuzen ere.
«2.000 maniacos», 50. alea
Bestetik, “2.000 maniacos” fanzinearen 50. alea ere aurkeztu zuten atzo, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen laguntza jasotzen duen agerkaria. Aurkezpenean, fanzinearen zuzendari Manolo Valenciak agerkaria inoiz baino «umoretsuago eta gazteago» datorrela esan zuen eta ale berriko edukien berri ere eman zuen: «Sexua, umore asko, bingoan Fernando Estesori egindako elkarrizketa, emakume zuzendarien gaineko erreportajea... denetik dakar ale berriak».