Haritz LARRAÑAGA

SENPEREKO LABORARIEN «HURBIL» SALTOKIA ZABALIK

Duela hiru urte laborari talde bat elkartu zen Senperen. Iaz, Hurbil denda ireki zuten, eta, gaur, denda ezagutarazi eta zer egiten duten erakusteko ateak irekitzeko eguna izango dute. Azken xedea, ordea, saltoki bat eta haragia maneiatzeko gune bat eraikitzea da.

Hurbil denda ez da Senpere inguruko laborariek esku artean duten proiektuaren azken emaitza, baina bai urrats garrantzitsu bat. Horregatik, orain arteko lorpenak aditzera eman eta egitasmo berriak aurkezteko jardunaldi irekiak antolatu dituzte. Jakingurak bultzatuta gerturatzen direnek jaki goxoak dastatzeko aukera izango dute gaur, Jenofa Mendiburu gasna egileak dioen moduan, «horrela, erosleekin hitz egin eta mozkina nola egiten dugun azal dezakegu-eta».

Ramuntxo Garat abeltzainak Beigorri haragia ekoizten du eta orain irekita duten denda ez dela betierekoa oroitarazten du: «Saltoki hau trantsizioko gunea da. Azken helburua, ordea, Eskualdeko Herri Elkargoak gorde zigun eremu batean eraikiko dugun saltoki bat irekitzea da; bertan, haragia transformatzeko aukera ere izango dugu».

Bertako labeldun produktuak

Hasieratik bi behar nagusi identifikatu zituzten: «transformazio lantegi kolektiboa» eta «komertzializazio gune kolektiboa». Horiek dira elkartearen bi helburu nagusiak. Denda, ekoizten dituzten produktuak saltzeko, eta, transformazio gunea, haragia landu, kozinatu, ontziratu, eta, finean, etekin gehiago atera ahal izateko. Aitzitik, kontuan izan behar da eskualdean urtean 50 tona haragi ekoizten direla.

Hurbil ez da Ipar Euskal Herrian irekia den mota honetako lehen denda. Duela zenbait urte ireki zituen ateak Ortzaizeko Kaiku Borda dendak, eta haiekin harremanetan dira elkarteko kideak. Bestalde, egun ostegun eta ostiral arratsaldetan zein larunbatetan irekitzen dute saltokia, baina ordutegia zabaltzeko aukera aztertzen ari dira.

Hurbileko jaki guztiek sor marka bat dute (A.O.C, BIO, Idoki). «Guk ez genuen kontrol zerbitzuan lan egin nahi, beraz, ezarri genuen derrigorrezko irizpidea labela edukitzea izan zen», azaldu du Mendiburuk. Horrez gain, beste eskualdeetatik ere produktuak ekartzen dituzte, gasna egileak aitortzen duen moduan, «irizpideak betetzen dituzten ahalik eta produktu gehien izan nahi ditugu-eta».

Denetik aurki daiteke Hurbil dendako apalategietan, hots, detergentea, edariak, barazkiak, pasta, bixkotxak edo etxean eginiko plater goxoak kasu. Eta prezioak ere ohikoak baino apalagoak dira, ez baita bitartekaririk: laborariek haien prezioan ezartzen dituzte mozkinak. Hala ere, Mendibururen iritziz, «ez da aski», eta gogoeta egiten du: «Eskaintza zabaldu nahi dugu, batez ere fruitu eta barazkiekin, eta horretarako Nafarroako zenbait produktu eskuratu nahi genituzke».

Gaur ateak irekitzeko eguna

Gaurkoa, bertaratuko diren bezero eta hautetsiei laborariek egiten duten lanaren berri emateko eguna da. Produktu desberdinak dastatzeko aukera izango da, hala nola, parrilan erretako okela, gasna, eta jaki eta edari goxoak. 10.00etan kafearen ordua izango da, eta, 13.00etan, hitzartze labur bat. Hori bai, egun guztian zehar izango da giro bikaina Intermarche ondoan duten lokalean.