GARA
orio

Indo enpresako gidari bat hil da lanean ari zela bihotzekoak jota

Orioko Indo enpresako gidari bat hil da bihotzekoak jota, Bartzelonan deskargatzen ari zela, LABek atzo jakinarazi zuenez. Sindikatuak bere dolumin eta elkartasuna adierazi nahi izan zien haren senide eta gertukoei.

Heriotza honekin, gutxienez 51 lagun hil dira aurten lanean Euskal Herrian, LABek salatu zuenez. Istripuz edo istripuen ondorioz bizitza galdu dute.

Garraioan lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla azaldu zuen sindikatuak. «Garraiolariek ez dute gaixotasun arrunt nahiz lanekoen aurrean babes egokirik. Izan ere, gehienak langile autonomoak dira. Kasu honetan, gainera, istripua Bartzelonan izanda, ez da estatistika ofizialetan azalduko. Administrazioek beste aldera begiratzen dute, prekaritate egoera ezagutu arren». Datozen egunetan izango diren protestetan parte hartzera deitu zuen LABek.