Euskal selekzioa Mundialeko proba guztietan lehiatuko da
Bederatzi pilotarik, bi neskak eta zazpi mutilek, osatuko dute Kolonbiako Nariño hirian abenduaren 18tik 26ra jokatuko den txapelketan arituko den taldea.

2016ko otsailean CIJB (Confederación Internacional de Jeu de Balle) erakundeak Euskadiko Pilota Federazioa onartu eta gero, ate joka dago Euskal Selekzioa nazioartean gainerako herrialdeekin, eskubide osoz, lehiatuko den eguna. Parte hartze hutsa garaipen bat den arren, ilusioz ekingo dio Kolonbiarako bideari bederatzi pilotari eta bi entrenatzailez osatutako taldeak, hango Nariño hirian jokatuko baita Joko Zuzenen IX. Munduko Txapelketa.
Gurean pixkanaka-pixkanaka garai batean izan zuten sona berreskuratzen ari diren pilota joko zuzenak mundu osoan zabalduta daude eta Euskal Herriaz gain, beste hamasei herrialdek parte hartuko dute abenduan jokatuko den txapelketan: Italia, Belgika, Holanda, Frantzia, Ingalaterra, Mexiko, Venezuela, Ekuador, Bolivia, Uruguai, Txile, Argentina, Kuba, Paraguai, Valentzia eta Kolonbia.
Nabarmentzekoa gainera, Euskal Selekzioa dela proba guztietan, neska zein mutil, ordezkapena izango duen sei taldeetako bat.
Lau modalitate
Denera lau modalitatetan arituko dira Nariñon lehiatuko diren 137 pilotariak, hiru joko zuzenetakoak eta One Wall delakoan. Joko zuzenei dagokienez, gure bote luzearen antzerakoak dira jokatuko diren hiru modalitateak (llargues, nazioartekoa eta chaza), eta alde nabarmenena joko eremuan eta pilotan daude. Chaza, Kolonbia bertako joko moldea, izan daiteke denetan desberdinena. One Wall txaparik gabeko paretaren aurka jokatzen da, binaka eta banaka.
Euskal selekzioa Inhar Ugarte, Ekhi Ziarrusta eta Egoitz Amantegi bizkaitarrek, Iban Jauregi, Iñaki Esnal eta Eñaut Esnaola gipuzkoarrek eta Pantxoa Valencia lapurtarrek osatuko dute mutiletan eta Amaia Araiztegi eta Patri Espinarrek nesketan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
