Aniztasunetik sortutako Tosta Bandak badu lehen diskoa
Atlantikoan barrena egiten den bidaia musikatua irudikatzen du Tosta Banda-ren lehen diskoak. Taldea Eskozia, Galizia, Frisia, Irlanda, Gales, Kornualles eta Euskal Herriko 10 musikarik osatzen dute eta horien guztien hizkuntza eta musikak batu dituzte lehen diskoan.

Banatzeko baino bateratzeko balio duten elementuei lotzea eta elkarren ezagutza sustatzea izan da hasieratik Tosta Banda-ren helburua, izenetik beretik hasita: Europako hainbat hizkuntza gutxitutan, “tosta” hitza erabiltzen da txaluparen bankua izendatzeko eta, puntu komun horri tiraka, kontinenteko kostalde atlantikoko sei hizkuntza gutxitutan abesten duten musikariak batuta osatu da Tosta Banda.
«Aspaldiko gure gogoa zen aniztasunaren orkestra hau osatzea. Komunitate batzuetako hiztunak oso bakarrik sentitzen gara hizkuntza hegemonikoen aurrean, eta pentsatu genuen batzea, batasun horretatik zer ateratzen zen ikusteko», azaldu zuen taldearen izen bera daraman diskoaren aurkezpenean Igor Otxoak, proiektuaren sustatzaileak.
Iaz abiatu zuten proiektua, Donostia2016ren eta Topagunearen laguntzaz, eta herrialdez herrialde laguntzaileak bilatu eta deialdi irekiak eginda, Galizia, Frisia, Eskozia, Gales, Kornualles eta Euskal Herriko hamar musikari batu ziren proiektura: Monica de Nut (Galizia), Gwilym Bowen Rhys (Gales), Marit Talens (Frisia), Rona Wilkie (Eskozia), Caoimhin O Fearghail (Irlanda), Bec Applebee (Kornualles) eta, Euskal Herriko ordezkari gisa, Oreka TX (Harkaitz Martinez de San Vicente, Mikel Ugarte eta Iñigo Egia) eta Mixel Ducauk osatutako taldea.
Ducau izan da musika zuzendari lanetan aritu dena eta, azaldu zuenez, elkarlana iaz abiatu zen, Irlandako Dingle herrian egin zuten bilkuran. Bertan ezagutu zuten elkar musikariek eta aurkeztu zizkieten elkarri proiektua mamitzeko hautatu zituzten abestiak: tradizionalak guztiak, eta euren ama hizkuntzan abestuak. «Nire lana izan da errepertorioa osatzea. Hautaketa bat egin dugu musiketan eta bakoitzak kantatu ditu abesti batzuk. Moldaketak nik prestatu ditut banda berezi honetarako», azaldu zuen Ducauk, eta Dingle-ko bilkurak emandakoa ere izan zuen gogoan: «Elkar ezagutzeko eta lanean hasteko batu ginen bertan hiru egunez. Nire partiturak eman nituen eta bakoitzak jarri du beretik».
Behin partekatuko zituzten kantuak finduta, sei herrialdetan emanaldi berezi bana eskaini (dokumental batean jaso zuten prozesua) eta Donostiako Elkar estudioetan grabatu zituzten “Tosta Banda” diskoan jasoko zituzten kantuak, Mikel F. Krutzagarekin.
Hamabi kantu
Diskoa hamabi kantuz dago osatua. Horietako bakoitzak herrialde bati, hizkuntza bati eta tradizio bati egiten dio erreferentzia, baina bada bat horiek guztiak bateratzen dituena: diskoa irekitzen duen “Tosta” abestia. «Kantu hori egin behar zen –ziurtatu zuen Ducauk, kantuaren egileak–. Proposamena egin nuen eta onartu zuten. Bertan zazpi hizkuntzak entzun ahal dira, bakoitzak kopla erdi bat eginen du. Taldearen edo orkestraren kantua izango da», gaineratu zuen.
Grabaketa denek elkarrekin eta «ia zuzenean, antzinako eran» egin dutela ere nabarmendu zuen Ducauk eta, zuzeneko giroa emateko, herrialde ezberdinetan egin dituzten kontzertuetako grabazioak ere erabili dituzte nahasketetan.
«Diskoak jasotzen du estudioko lana zuzeneko izpirituarekin, ikusten genuelako proiektuak zuzenean egiten zuela distira eta batasun horrek zuzenean zuela indarra», nabarmendu zuen Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TXko kideak. Diskoaren zuzeneko izpiritu horri eutsiz, udaberrian zuzeneko kontzertuak eskainiko dituztela ere iragarri zuen: apirilaren 26an Gasteizko Principal antzokian, 27an Iruñeko Gayarren, 28an Donostiako Kursaalen eta, azkenik, 29an Bilboko Arriaga antzokian. «Guretzat garrantzitsua zen abestiok diskoan jasotzeaz gainera zuzenekora ere eramatea», gaineratu zuen.
Diskoa asteartean, abenduak 5, jarriko da salgai eta Durangoko azokan ere eskuratu ahalko da, abenduaren 6tik 10era.
«Proiektu hau ez da soilik sortu hizkuntza gutxituei ahotsa emateko. Zenbait lekutan, euren hizkuntza zerbait zaharkitua bezala ikusten dute. Frisian, adibidez, nekazarien hizkuntzatzat dute eta lotsa ematen diete erabiltzea eta ikusarazi nahi genuen hizkuntza gutxituetan ere gauza ederrak egin daitezkeela», adierazi zuen Otxoak.
Frisiaren kasuan, Otxoari arreta eman zion abesti tradizionalik ez izatea, «ezta haur abestirik ere», eta kasu horretan bertako bi musikariren konposizioak ekarri dituzte diskora. «Horretarako ere balio izan du proiektu honek, errealitate ezberdinak ezagutzeko eta gure artean sareak osatzeko».
Sare horiek mantenduko dituztela eta proiektu berriak sor daitezkeela ere ziurtatu zuen Otxoak.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
