Maite UBIRIA BEAUMONT
kronologia: eUSKAL HERRITIK PARISERA, BAKEAREN BIDEA>

HAMAR URRATS

Aietek uzta berezia utzi zuen Ipar Euskal Herrian. Adostasun zabalak eratu ziren geroztik, pentsaezinak ziruditen aliantzak iraunaraziz. Euskal Herrian bereziki baina baita Parisera begira garatutako etengabeko interlokuzio lana sendoa dela frogatzen du presoei buruz hitz egiteko lortu den «lan esparru» bateratuak.

 

2012

ABENDUAK 15 • BAKEAREN ALDEKO FOROA BAIONAN 2011ko urriaren 17an euskal gatazkaren konponbidean mugarri izan zen Aieteko Konferentzian parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak beren prestasuna agertu zuten bakegintzan urratsak egiteko gune iraunkor bat martxan jartzeko. Era berean, aurreko urteko azaroaren 10ean Baionako karriketan 15.000 herritarrek eskatu bezala, euskal presoei Frantziako legediak jasotzen dituen onurak aplikatzeko eskaera babestu zuten. 400 bat hautetsik hartu zuten parte Baionako Bakearen aldeko Foroan.

 

 

2014

MARTXOAK 1 • BAIONAKO UNIBERTSITATEAN FOROA Unibertsitatearen babespean eta nazioarteko eragileen laguntzaz, bake prozesuaren ibilbidea eta ondoko erronkak aztertu zituzten. Hamaika eragile politiko, sozial, sindikal eta kulturalek bat egin zuten hitzordu berri horrekin. Hala nola Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak eragile ugari bidali zituen forora.

 

AZAROAK 24 • BAIONAKO ADIERAZPENA Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko ordezkariek Frantziako Euskal Herriko Elkarrizketa Taldea eratu zuten. Horren berri emateaz gain, Parisko Gobernuari zuzenduriko Baionako Adierazpena ezagutzera eman zuten egun honetan. Argazki zabala eta mezu berritzaile eta sendoa zekartzan.

 

2015

EKAINAK 11 • EUSKAL HERRIKO BAKE PROZESUAREN ALDEKO KONFERENTZIA HUMANITARIOA PARISEN Aieteko Adierazpenaren laugarren urteurrenean, euskal gatazka konpontzeko interlokuzio lanak plaza esanguratsua lortu zuen Parisen. Frantziako Asanblea Nazionalean, hain zuzen ere. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Frantziako Giza Eskubideen aldeko Ligak, Conciliation Ressources eta Berghof fundazioek, Bakearen aldeko Foro Sozialak eta Bake Bideak Euskal Herriaren aldeko Konferentzia Humanitarioa antolatu zuten, Euskal prozesuaren egoera azaltzeko eta, bereziki, berradiskidetzearen eta presoen aferetan zereginen gaineko gogoeta zabaltzeko.

Biktimek lekukotasuna eman zuten; besteak beste, Roberto Manriquek, 1987an Hipercor merkataritza-gunean izandako atentatuan larriki zauritu zenak, eta GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arreba Axun Lasak. Orotara 110 pertsona esanguratsuk izenpetu zuten konferentziari amaiera eman zion adierazpena, “Paris Euskal Herriaren bakearen alde”.

 

 

 

2016

URTARRILAK 9 ETA AZAROAK 19 • «MUGI DAITEZEN HARRIAK» MANIFESTAZIOA ETA «GU GIRA GILTZA»&flexSpace;MARTXA Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko 200 hautetsik baino gehiagok babestu zituzten euskal presoei ezarritako espetxe politika iraultzeko Baionan eta Bilbon deituriko manifestazioak. Deialdi horretan, garaiko Justizia ministro Christianne Taubirak 2015eko abuztuan sakabanaketa amaitzearen alde eginiko adierazpena gogorarazi eta «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko tenorea zela adierazi zuten. Bestalde, azaroaren 19an manifestazio handi batek zeharkatu zituen Baionako karrikak, larriki eri diren presoen askatasuna aldarrikatzeko.

 

ABENDUAK 16 • LUHUSOKO ATXILOKETAK ETAri bere armagabetzea era ordenatuan eta beharrezko bermeekin burutzeko bi estatuek ezartzen zizkioten oztopoak gainditzeko bidean, Luhuson armagabetzearen aldeko ekimena antolatu zuten gizarte eragileek. Frantziako Poliziak bost lagun atzeman zituen, ETAren armategiaren zati bat indargabetzeko lanean ari zirelakoan. Polizia operazioaren aurkako erantzun zabala izan zen, bai euskal jerdartean bai hautetsien eremuan.

 

 

 

2017

APIRILAK 8 • ARMAGABETZE EGUNA BAIONAN Luhuson gertaturiko atxiloketak salatzeko baina bereziki armagabetzearen prozesua aurrera eramateko konpromisoa zabaltzeko, 50 bat pertsona ezagun –Luhusoko bost lagun horiekin bat eginez– bakegile gisa aurkeztu ziren. Martxoan bere xedea publiko egin zuen mugimendu berriak: 2017ko apirilaren 8an ETA erakunde desarmatua izatea zela bere helburua. Parisen eta Euskal Herrian interlokuzio andana burutu zituzten ondoko asteetan. Lan horrek eta bereziki gizarte zibilak erakutsitako engaiamenduak ahalbidetu zuten arrakastaz gauzatzea. Parisko agintariek beraiek bermatu zuten. Egun berean, Baionako San Andres plazan bildutako milaka herritarren aitzinean presoen eta biktimen atalean lanean jarraitzeko asmoa plazaratu zuten bakegileek. Handik gutxira data berri bat ezarri zuten egutegian: Abenduaren 9an euskal presoen egoera aldarazteko martxa Parisen.

 

UZTAILAK 10 • EUSKAL DELEGAZIOA PARISEN ATE JOKA 23 euskal eragilez osaturiko delegazioa Parisera joan, eta egun osoan zehar espetxe politikaren zerikusia duten erakundeetako eta aholkularitza elkarteetako ordezkariekin bilerak izan zituen. Egunaren laburpena eginez, «gure eskaerak entzun dituzte eta elkarrizketaren bidez lanean jarraitzeko engaiamendua jaso dugu», adierazi zuten euskal ordezkariek. Emmanuel Macronen Gobernu berriarekin harremana hasi zen.

 

AZAROAK 23 • «LAN EREMUA» PARISEN Justizia Ministerioan bilera berri bat egin zuen euskal ordezkaritzak, azaroa bukaeraren aurretik hirugarren hitzordua izanik. Horren berri emanez, eta era berean bi aldeek «lan esparru» iraunkorra eratuta zeukatela jakinaraziz, agiria zabaldu zuen gero. Justizia Ministerioarekin euskal interlokuzioa daraman taldea honako hauek osatzen dute: Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza; Michel Tubiana, Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria; Mixel Berhokoirigoin, artisaua eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzaileetakoa; Vincent Bru, Pirinio Atlantikoetako diputatua eta Kanboko auzapez ohia; eta Anaiz Funosas, Bake Bideako lehendakaria.